Literaturaren abentura

Literaturaren abentura

JAVIER ROJO

Iñaki Arranzek idatzitako liburu txiki hau, Istoriorik gabeko ipuin istorioduna, gazte literaturaren esparruan kokatzen da, liburuaren azalean esaten denari kasu eginez gero, hamabi urtetik gorako irakurleentzat pentsatuta dago-eta. Eta irakurleak izenburuan esaten denari erreparatzen badio, lehenengo momentutik gazteentzat egiten den literaturan ohikoak ez diren bideak urratzeko asmoarekin aurkezten zaiola ohartuko da. Gehienetan, gazte literaturan edozein osagairen gainetik argumentu zirraragarria izaten da nabarmentzen dena. Gaztetxoek gustuko izan behar dute argumentua, liburuak huts egingo ez badu. Hemen, ostera, argumentua bigarren mailan uzten dela dirudi, edo zehazkiago esateko, argumentuan azaltzen den abenturak ez dauka zerikusirik narraziotik kanpo egon litekeen edozein osagairekin. Narrazioa bera nola antolatzen den, narrazioak berak zein ezaugarri izan behar dituen, bihurtzen da argumentuaren ardatz nagusia. Izan ere, idazlanean kontatzen da nola gazte batek liburu bat irakurri behar duen eta liburu horretan ez den ezer gertatzen. Pertsonaiak irakurri behar duena eta guk irakurleok begi aurrean daukagun idazlana idazlan berbera da, liburuaren azalean agertzen den irudian planteatzen den «mise en abyme» horretan iradokitzen den bezala.

ISTORIORIK GABEKO IPUIN ISTORIODUNA

Egilea: Iñaki Arranz Concetta Probanza. Gazte literatura. Argitaletxea: Elkar. 88 orr. Donostia, 2016. Salneurria: 12,75 euroa

Planteamendu honetatik abiatuta, eta idazlanaren argumentu nagusia idazlana bera delarik, liburu honetan azalduko zaigu literaturak nola funtzionatzen duen. Besteak beste, literatura egon dadin funtzionamendu horretan irakurlearen presentzia ezinbestekoa dela azalduko da, irakurlerik gabe idazlanak kontatu behar lukeena osatzeke geratzen baita. Honelako liburu bat egitean, azken finean idazlan metaliterarioa da-eta, kontu handiz ibili behar da irakurlea ez uxatzeko, batez ere irakurlea gaztetxoa bada. Halako idazlanek helduen literaturan gremioko jendearentzat idatzita daudela dirudite. Gazte literaturan ordea, literatur ikastaroa eman lezake idazlanak. Idazleak, baina, jakin du horretan ez jausten, kontakizuna guztiz interesgarria baita. Eta honelako liburuetan ohi den bezala, ezin da aipatu gabe utzi marrazkigilearen (Concetta Probanzaren) lan bikaina.