«Beti saiatu naiz mundua ikusteko modu bat adierazten»

Josu Bergara bizkaitarrak bere laugarren diskoa kaleratu du eta berarekin elkartu gara bere lana ezagutzeko. /
Josu Bergara bizkaitarrak bere laugarren diskoa kaleratu du eta berarekin elkartu gara bere lana ezagutzeko.

Josu Bergara. Kantautorea. ‘Kanta txikien indarra’ aurkeztu du, Bilboko Kafe Antzokian zuzenean grabatutako diskoa

IRAITZ URKULO

Josu Bergara kantautoreak (Ea, 1979) bere laugarren diskoa kaleratu du, Kanta txikien indarra izenburukoa. Bere gitarra kuttunaren konplizitateaz eta hainbat adiskide musikariren kolaborazioarekin 2015eko ekainean Bilboko Kafe Antzokian zuzenean grabatua, emanaldi hunkigarri hartan eskainitako hamabost abesti lasai jaso ditu. Berak konposatutako olerkiak melodia atseginez eta ahots garbi ederraz jantzirik, abesti xumeak eta, aldi berean, indartsuak sortu ditu, bere ibilbide osoko lanik intimoena osatuz.

Zein da kantautoreentzako lekua euskal musikaren egungo paisaian?

Euskal Herriko musikaren eszenan bakarlari edo kantautore batzuek gure lekua pixkanaka lortu dugu. Kostata. Behintzat, nire kasuan, hala izan da. Dagoeneko taula gainean hamabi urte eman ditut eta apurka-apurka zirkuitu propioa sortzen, eraikitzen eta ezagutzen joan naiz. Gainera, esango nuke badagoela publiko berezi bat formatu txikietarako, eta azken urte hauetan bakarlarien presentzia arruntagoa bilakatu dela.

Nolatan erabaki zenuen diskoa Bilboko Kafe Antzokian zuzenean grabatzea? Zergatik uko egin estudioak eskaintzen duen segurtasunari?

Batzuetan arriskuak hartu behar dira gauzak aldatu edo berritzeko, eta nik beste erronka bat bilatzen nuen. Horregatik erabaki nuen zuzenean grabatzea, taldekoei planteatu nien, eta baiezkoa eman zidaten. Soinu ezberdin eta autentiko baten bila joan ginen: soka laukotea eta banda uztartzean asmo horrekin egin dugu.

Nola deskribatuko zenuke zuzeneko kontzertu hura? Zein sentsazio izan zenituen?

Oso berezia izan zen. Batetik, Kafe Antzokiko giroa egun horretan primerakoa izan zelako. Bestetik, dena nahiko txukun joan zelako eta diskoaren grabaketarekin gustura geratu ginelako. Askok idatzi didate sare sozialetatik esanez kontzertu ezberdina izan zela beraientzat, Euskal Herrian orokorrean beste kontzertu-estilo batzuetara ohituta gaude, gehienbat «musika eta jaia» formulakoak. Guk zeozer ezberdina egin nahi genuen; hain zuzen, letraren poesiari eta melodiari garrantzia eman.

Kanta txikien indarra zure diskorik lasaiena al da? Zergatik egin duzu erritmo patxadatsuago baten alde?

Disko honetan, rock edo pop erritmo bizietatik aldendu eta beste joera bat hartu dute kantuek. Egia esateko, benetan eroso sentitzen naiz gaur egun egiten dudan musikarekin. Barru-barrutik sentitzen dudana hauxe da. Bilakaera artistiko baten ondorioz honaino heldu naiz eta horrela suertatu da.

Zure ahotsa inoiz baino biluziago antzematen dugu. Musikaren esentziara jo nahi izan duzu?

Zuzenean grabatzean hori bilatzen nuen. Eszenatokian egiten duguna diskora eramatea. Argia, soinua, irudiak... dena zainduz, baina modu argi eta garbian. Artifiziorik gabe.

Halere, musikari askoren babesa jaso zenuen...

Bai, musikarien kolaborazio horiek zuzenean taularatzeko gogo handia nuen. Adibidez, Mikel Markez eta Maria Riveroren ahotsek, edo Gaizka Peñafiel trikitilariaren doinuek kontzertuari berari eta ondoren diskoari xarma berezia eman diote. Beste eremu batera eraman dituzte abestiak, aberastu eta beraien distiraz josi dituzte.

Zure kontzertu batera hurbiltzen denak, aldiz, askoz esperientzia intimoagoaz gozatu ahal izango du.

Bai, azken aldian hirukote formatuarekin asko mugitzen ari gara. Mikel Nuñez piano-jotzailea eta Nerea Alberdi biolin-jotzailearekin batera, edo beste batzuetan Dani Gonzalez kontrabaxu-jotzailearen laguntzaz, kontzertu akustikoak eskaintzen ari gara kultur etxe, plaza, areto, gaztetxe eta antzekoetan. Horrez gain, ilustrazioak proiektatzen ditugu, kanta bakoitza irudiz jantzi eta kontzertuetan giro intimo hori sortzen dugu.

Zer gairen inguruan kantatzen duzu? Zure letren bitartez, zer mezu igortzea bilatzen duzu?

Betidanik saiatu naiz nire musikaz mundua ikusteko modu bat adierazten. Hainbat gai jorratzen ditut: pertsonalak, politikoak, euskara edo gizartearekin lotutakoak, oroitzapenak, autobiografikoak edo asmatutakoak... baina beti mundua ikusteko modu bat adierazten dutenak: txikiena, ameslariena, ezberdinena, gurea.

Nola konposatzen duzu? Baduzu metodologia jakinik?

Esango nuke sormenaren ehuneko handi bat kreatibitate-dinamika egonkorretik datorrela. Sormena errutinaz edo ohitura hutsez lantzen dut. Nik «etxeko-lanak» egitea deitzen diot. Papera eta boligrafoa hartu eta idazten hasten naiz. Gero musika asko entzuten dut: klasikoa, modernoa, atzerrikoa, Euskal Herrikoa... Prozesu horren guztiaren ondoren abesti dexente idazten ditut. Horietatik gehien gustatzen zaizkidanak aukeratu, eta horiek lantzen eta hobetzen hasten naiz. Baina horrez gain, azken disko honen konposizio lanean, Nerea Alberdiren laguntza ezinbestekoa izan da.

Harrera

Pozik zaude diskoa gurean izaten ari den harrerarekin?

Orokorrean izan duen harrerarekin pozik nago. Kontzertu asko eskaintzen ari gara eta batetik zein bestetik deitzen digute. Gure txikitasunetik, aurrerapausoak eman ditugu eta hori igartzen da. Autoedizioaren alde egin nuen hasieratik, nik sormen-prozesua eta promozio-bideak kontrolpean izan nahi ditudalako. Horrek lan eta esfortzu galanta dakar berarekin, baina zorionez Taupaka Elkartearen babesa izan dut prozesu guztian.

Zer sentsazio izaten duzu Euskal Herritik kanpo jotzean? Nola egiten duzu euskaldunak ez diren entzuleekin konektatzeko?

Asko ikasi dut kanpora joan naizenean. Toki bakoitzeko publikoa ezberdina da eta beti zure burua prest izan behar duzu zerbait ezberdina, hunkigarria edo deigarria eskaintzeko. Bartzelona edo Valentzian, adibidez, katalanez azaltzen ditut kantuak saiatzen naiz, behintzat (barrez); eta gero, euskaraz abesten ditut. Hango musikariekin elkarlanean aritzeak asko laguntzen du.

Eguneroko zein egoeratan gomendatuko zenuke zure diskoa entzutea?

Esango nuke, musika trankila denez, egoera lasaietan etxean edo kotxean entzuteko aproposa dela. Letrak entzun eta ulertu behar direlako, eta uste dudalako patxadaz entzutea merezi duela. Baina bakoitzak nahi duen lekuan entzun dezala! Horixe da musikaren magia.