EHU munduko 500 unibertsitate onenen artean bosgarren urtez jarraian
Lorpen hau «zalantzarik gabe, indargarria eta pozgarria» da euskal gizartearentzat Iñaki Goirizelaia errektorearen hitzetan
elcorreo.com
Jueves, 18 de agosto 2016, 00:07
Euskal Herriko Unibertsitateak munduko 500 unibertsitate onenen artean jarraitzen du bosgarren urtez Shanghaiko rankingean. Sailkapena Shanghaiko Jiao Tong Unibertsitateak osatzen du urtero, eta ebaluazio irizpide «guztiz errespetatua eta enblematikoa» da gaur egun, unibertsitateen munduan, EHUk jakinarazi duenez.
Rankingak, funtsean, unibertsitateen ikerketen eragina neurtzen du; baita haien nazioarteko prestigioa ere. Guztira hamabi dira lehen 500 erakundeen artean agertzen diren espainiar estatuko unibertsitateak (iaz baino bat gutxiago) eta ranking honetan 2012an egindako ebaluazioan agertu zen lehen aldiz Euskal Herriko Unibertsitatea.
EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak azaldu duenez, munduko 500 unibertsitate onenen artean mantentzea, «zalantzarik gabe, indargarria eta pozgarria» da euskal gizartearentzat, Euskal Herriko Unibertsitatearentzat eta bertan lan egiten duten guztientzat.
Bestalde, «gure lana erakusteko era atsegingarriena da, nazioarteko erakunde ebaluatzaile hain garrantzitsu baten aitortza», gaineratu du errektoreak. Sailkapena «oso zorrotza» da, eta ziurrenik izen handikoena hezkuntza arloan, zeinetan 20.000 unibertsitate eta goi mailako prestakuntza zentro dauden munduan barrena. Hala, postu horretan jarraitzea «oso garrantzitsua» dela EHUrentzat adierazi du, baita, «hurrengo urteetarako pizgarri bat ere» dela gaineratuz.
Harvard, Stanford eta Kaliforniako Unibertsitatea, Berkeley, dira, ordena honetan, rankingeko lehen hiru postuak betetzen dituzten unibertsitateak. Lehen hamar postuetatik zortzi Estatu Batuetako unibertsitateek betetzen dituzte eta bi (Oxford eta Cambridge) Britainiar Handiko unibertsitateek.
EHU ex aequo kokatzen da 401 eta 500 postuen artean. Inguruabar hori azaltzeko, zerrendan emaitzak aurkezteko ezarritako sistema ulertu behar dugu. Hala, 1. postutik 100. postura handienetik txikienera bitarteko hurrenkera zorrotza ezartzen dute, puntuazioaren arabera. Ondoren, bloke bat osatzen da 50 unibertsitaterekin; beste bloke bat beste 50 unibertsitaterekin; eta hortik aurrera, 500. postura arte, 100 unibertsitateko hiru multzo bereizten dira. Bloke bakoitzaren barruan unibertsitateak ordena alfabetikoaren arabera agertzen dira. Sailkapen honek duen garrantzia zenbatekoa den konturatzeko, gogoratu behar da mundu osoan goi mailako 20.000 hezkuntza erakunde baino gehiago erregistratuta daudela.