Borrar
Urgente En directo, Bilbao Basket-Gran Canaria

Zer gertatzen da EGArekin?

Hizkuntza bat zenbateraino dakizun neurtzeko tresna bat diseinatzea biziki zaila da, ez da arratsalde batean egiten den gauza

Pello Salaburu

Martes, 3 de noviembre 2015, 01:24

Orain dela egun batzuk EGA azterketa izan zen eztabaidagai gure Lege Biltzarrean. Ezin ukatu harritzeko kontua dela, hotzean ikusirik: irudika dezake inork Londresko lorden ganberan First Certificate eskuratzeko British Councilek antolatzen duen azterketaz eztabaidan hastea? Edo Frantziako Nazio Biltzarrean diputatu guztiak holako eztabaida batean murgilduak ikustea? Jende gutxik gainditzen duela eta, hemendik aurrera unibertsitateko ikasketa batzuetan gertatzen denarekin ere gauza bera egingo dugu, eta alderdien ordezkariak hasiko dira eztabaidan halako ikasgaia ez duela %10ek baizik gainditzen eta zer egin behar den?

EGA azterketak mutur asko ditu, eta ez dira horiek guztiak maila berekoak. Hasteko, gure buruari egin behar geniokeen galdera da ea zertako aurkezten den horrenbeste jende azterketa horren egitera. Denek behar dute agiri hori? Badu EGAk, bestetik, aipatu ingeleses eta frantses agiri horiekin erkaturik, beste ezaugarri bat: haiek ez bezala, euskararen gaitasun azterketa hemengo biztanleei egiten zaie, ez kanpokoei. Horrek erakusten du euskararen egoera ez dela inondik ere beste hizkuntza horiena bezalakoa. EGA ez da euskaraz badakizula frogatzeko ematen den agiria. Gure aita zena aski gaizki moldatzen zen erdaraz, kosta egiten zitzaion elkarrizketa bat segitzea. Euskaraz bakarrik zekien. Baina ez zuen EGArik. Ez zuen EGArik behar ez zuelako, eta behar izanez gero ere, ez baitzen hura ateratzeko gauza izango. EGAk ez du hizkuntza badakizun edo ez neurtzen. Hori ere, jakina, baina hori baino gehiago da: EGAdunak gai izan behar du arazorik gabe euskaraz mintzatzeko, euskal testuak ulertzeko edo euskal testuak idazteko.

Gure inguruan lanean ikusten ditugun erdaldun anitz ez liratekeela gai izango zerbait gaztelaniaz edo frantsesez txukun idazteko eta, hala ere, ez dutela arazorik lana aurkitzeko, lana administrazioko languneetan ere aurkitzeko? Egia da hori, aski da ikustea batzuetan letrero bat jarri behar dutela-eta nolako hankasartzeak egiten dituzten. Baina hori beste kontu bat da. Kontu horrek erakusten digu lanpostu guztietan ez dela euskara maila bera eskatzen ahal. Eta hori egiten da hemen ere. Beste kontu bat da mailakatze hori egoki egina den edo ez. EGA baino apalago diren agiriak ongi diseinatuak diren edo ez. Batzuetan, euskaraz jakitea bakarrik eskatu beharrean, beste adornurik gabe, biltegi batean kanpoko jendeari paketeak ematea eskatzen duen toki batean adibidez, euskara erdipurdiko maila bat eskatzen da ezer ere segurtatzen ez duena. Baina hemen EGA kontuaz ari gara, ez apalago diren agiriez, eta EGAk, hain zuen, beste zerbait adierazi nahi du: euskaraz badakizula, eta erregistro landu batean erabiltzeko gai zarela..

Hizkuntza bat zenbateraino dakizun neurtzeko tresna bat diseinatzea biziki zaila da, ez da arratsalde batean egiten den gauza. Gogoan dut hurbileko pasadizo bat: AEBetan familiarekin urte bat eman ondoren, oroitzen naiz nola esan zigun hango esperientzia handiko ingeles irakasle batek: «Zer duen jende gazteak! Zuen umearen hizkera hemen sortutako batena da, ez lioke inork ere atzemango kanpokoa denik». Hona itzulirik, ondoko urtean, 7 jarri zioten ikastolan. Bistan da ez zekiela nola egin azterketa, edo azterketa gaizki diseinatua zela. Holako zerbait gerta daiteke EGArekin ere. Denok ezagutzen dugu euskaraz primeran egiten duen jendea (txukun irakurtzeko eta idazteko gai dena) baina EGA lehenbizikoan gainditu ez duena. Alderantziz, denok ezagutzen dugu jendea, EGA gainditurik ere sekulako ostikoak ematen dizkiona hizkerari edo, besterik gabe, euskaraz hitz egiteko gai ez dena. Lehenbiziko kasuak EGA ez dela ongi diseinatua erakusten du. Bigarrenak azterketa ongi egiteko prestatzen bazara (ez euskaraz aritzeko, baizik azterketa gainditzeko) gai zarela agiria sakelean sartzeko.

Ez dakit nik EGA berriz ere diseinatu behar den. Baina uste dut bi kontuk behar luketela izan lehentasuna: lehenik, testu batek dioena oso ongi ulertzen dela erakutsi behar du. Eta hori ezin da test batekin bakarrik neurtu. Testu luzea irakurtzeko gai izan behar du. Eta ongi ulertzeko. Bazterrean utzirik hain gogoko ditugun hizkera estandarretik urruntzen diren esapideak. Nork daki hemen, adibidez, «me da pena» entzun eta horrek milioika erdaldunentzat «me da vergüenza» esan nahi duela, eta hori dela, gainera, milioi horiek lotsa adierazteko duten modu bakarra? Hori ez jakiteak esan nahi luke ezin direla erdal pareko EGA baten jabe izan? Astakeria litzateke hori. Gero eta garrantzi handiago ematen zaio leku askotan testuak ongi ulertzearen kontu horri. Munduko unibertsitate sistema publiko hoberenean, Californiakoan, hiru aldiz aldatu dute historian zehar sarrera proben azterketa, eta aldi bakoitzean gero eta gehiago lerratu dira, edukien ezagutza alde batera utzirik, testuaren ulermena indartzera. Hori litzateke lehenbiziko funtsezko urratsa. Bigarrena, jakina, eta lehena gainditurik, azterketariak euskaraz mintzatzen badakiela erakutsi behar du. Sinpleegia? Seguraski bai. Zaila? Bistan da baietz. Horekin %25ak baino gehiagok gaindituko duela? Ideiarik ere ez. Ez da hau magia kontua.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Zer gertatzen da EGArekin?