Ekosistema kaltetuak guztiz suspertu daitezke?

Amazonaseko eremu deforestatua./
Amazonaseko eremu deforestatua.

Leheneratuta ere, hamarkadak behar dituzte jatorrizko bioaniztasuna zein hainbat funtzionalitate erabat berreskuratzeko, ikerketa baten arabera

ELCORREO.COM

Ekosistemak kaltetzea eta ahultzea, itxuraz, horiek berreskuratzea eta suspertzea baino errazagoa da. Hori frogatu du, leheneratze ekologikoaren inguruko ikuspegi berri bat proposatuz, BC3 zentroari atxikitako David Moreno-Mateos Ikerbasqueko ikertzaileak beste ikerlari batzuekin batera egindako lanak. Lana 'Nature Communications' izen handiko aldizkariak argitaratu du berriki.

Leheneratze ekologikoa garrantzi handiko tresnatzat jotzen da kaltetutako ekosistemen bioaniztasuna eta erresilientzia berreskuratzeko. Hala ere, aipatu ikerketak argitu duenez, ekosistemaren leheneratze osoa lortuta ere, kaltetutako ekosistemek bioaniztasunaren galera eta karbono eta nitrogeno zikloak bezalako funtzionalitateen galera pairatu ohi dute hainbat hamarkadatan.

Nahitaezkoa da leheneratze ekologikoa ekosistemaren funtzioa berreskuratzeko, baina ekosistemek bizirik iraungo dutela bermatzeko, gizakiaren inpaktutik babestea gomendatzen du. Hartara, ikerketa berri honek arreta berezia egiten die ekosistemak kudeatzeko estrategiei, bereziki leheneratze edo berreskuratze ekologikoaren menpeko konpentsazio-politikei, funtzionaltasun eta aniztasun txikiagoko ekosistemen hazkundea ekarri baitu.

BC3 (Basque Center for Climate Change) zentroan Ikerbasqueko ikertzaile gisa lan egiten duen David Moreno-Mateo-ek National Socio-Environmental Synthesis Center (SESYNC) erakundeko diziplina anitzeko ikertzaile-talde batekin batera hartu du parte ikerketan. Mundu osoko 3.035 lursailetako laginak aztertuz, lantalde honek bertatik bertara egiaztatu ahal izan du berreskuratutako ekosistemek animalien eta landereen erdiak dituztela, eta horietan, bioaniztasuna eta karbono eta nitrogeno zikloa ondo kontserbatutako ekosistemetan baino heren bat txikiagoa dela. Ikertzaileek era askotako aldaketak jasan dituzten ekosistemei buruzko datuak txertatu dituzte. Horrela, baliabideak ustiatzeko kaltetu diren ekosistemak dira, aldaketak gertatu eta 11 urte geroago, galerarik handiena pairatzen dutenak, bai espezieen aniztasunean (% 32-45) baita karbono-zikloan ere (% 39-62).

Prozesu geldo eta konplexua

David Moreno-Mateosek Ikerbasquek zabaldutako ohar baten bidez argitu duenez, ekosistema bat berreskuratzeak hainbat elementu berreskuratzea dakar, landare-espezieetatik harago. «Ekosistemak leheneratzeko gako bat organismoen arteko interakzioak dira. Adibidez, landare mota askotako ugalketa berreskuratzeko, hauek polinizatzen dituzten erleak eta intsektuak berreskuratu behar ditugu. Interakzio hauek garrantzi handikoak dira, ekosistemaren funtzionalitatearen funtsa diren aldetik», azaldu du.

Era berean, denboraren eragina erabakigarria da, eta kasu askotan, kasu guztietan ez bada, erabat murriztailea. Ikertzailearen hitzetan, «leheneratzea urte edo hamarkada gutxi batzuetan gertatzea espero dugu, baina kasu askotan, zenbait espezie edo interakzio berreskuratzeko mendeak igaro behar dira. Beste batzuetan, ondo datozkigun zerbitzu jakin batzuk leheneratzeari ekiten diogu, ekosistemei dagokien konplexutasuna kontuan hartu gabe. Honela, kontserbatutako ekosistemak baino aniztasun eta funtzionalitate txikiagoa duten ekosistemak metatzen jarraitzen dugu, nagusiki».

Urtero, hain zuzen, milaka milioi euro gastatzen dira ekosistemak leheneratzeko. Moreno-Mateos-en lantalde zientifikoaren aurkikuntzak interes handikoak izan daitezke estatu zein nazioarte mailan ekosistemen leheneratzeari buruzko erabakiak hartu behar dituztenentzat. «Berreskuratze-prozesua geldoa eta konplexua da, baina horrek ez du esan leheneratzen saiatu behar ez dugunik; aitzitik, askoz ere gehiago inbertituko beharko genuke, leheneratzea bikortzeko beharrezkoa den prozesua identifikatu ahal izateko».

 

Fotos

Vídeos