Gabonak Euskal Herrian igaro dituzten Ukrainako haurrak gaur itzuliko dira etxera
Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako familiek etxean hartu dituzten 23 neska eta 8 mutilek euskal ohiturak ezagutzeko aukera dute
PPLL
Viernes, 20 de enero 2017, 23:34
Gabonetako programan parte hartu duten Ukrainako 31 haurrak euren herrira itzuliko dira gaur. Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako familiek etxean hartu dituzten 23 neska eta 8 mutil izan dira. Programaren bitartez, Ukrainako haurrek euskal ohiturak ezagutzeko aukera dute: San Tomas eguna, Gabon gaua, Olentzero edota Errege Magoak.
Chernobil elkarteko ordezkariek prentsaurrekoan azaldu dute hilabete «lasaia» izan dela, «aparteko arazorik gabe». «Gabonetako Programan parte hartzea borondatezkoa da eta, beraz, familia bakoitzak bere erara bizi ditu jaiak», adierazi dute.
Agerraldian azpimarartu dutenez, 2016ko Gabonetako programa bukatzearekin batera, Chernobil elkarteak «oso urte berezia» bukatu du, alde batetik, 30 urte bete dituelako Txernobilgo hondamendi nuklearrak eta, bestetik, elkarteak 20 urte egin dituelako lanean. Gainera, Donostiako Hiritar Merezimenduaren Domina jaso du 2016an.
Hala ere, Gabonetako programaren balorazioa egiterakoan, datorren udarako familia berrien bilaketa «oso mantso» doala deitoratu dute, «hori bai delako gure elkarteko osasun programa nagusia». Orain arte, bi familiak baieztatu dute 2017ko harrera programan parte hartuko dutela, eta zortzi gehiagok interesa erakutsi dute. 2016ko urtarrilerako 20 familiak baieztatu zuten euren parte hartzea, eta azkenean, 2016an, 41 haur berrik izan zuten Euskal Herrian uda igarotzeko aukera (guztira, 222 etorri ziren), eta hori da aurten duten helburua ere.
Horregatik guztiagatik, Chernobil elkarteak euskal gizarteari dei berria egin dio. «Osasuna hobetzeko kutsatutako eremutik atera behar duten ehun neska-mutil inguru bisitatu ditugu. 6 eta 18 urte bitartean dituzte, ez daude gaixorik baina gure elikadura eta bizimoduaren bitartez, bere osasuna asko hobetzen dute. Txernobilgo zentral nuklearraren inguruetan bizi dira (Irpen eta Ivankiv aldeko herrixketan batez ere) eta euren familiek ezin diote bidaiaren kostuari aurre egin», azaldu dute.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.