Kaleko hizkeraz

Itxuraz, 'dar un voltio', 'romper la pana' edo 'hola k ase' tankerako esakak erabiltzen tematzen baldin bazara, guztiz 'out' zaudela jakin beharko zenuke

ROBERTO MOSO

Azken bolada honetan ugaldu egin dira. Hizkera 'cool' izateko, esamolde aproposak zeintzuk diren eta zeintzuk ez finkatu nahi dutenak. Itxuraz, 'dar un voltio', 'romper la pana' edo 'hola k ase' tankerako esakak erabiltzen tematzen baldin bazara, guztiz 'out' zaudela jakin beharko zenuke. Beste batzuekin ez da horrenbesteko adostasuna sumatzen: 'Viejuno', 'cuñadismo', 'perroflauta', 'mola' edo 'lo siguiente' esaerak, eztabaidagai direnen artean kokatu omen dira.

Horrelakoak irakurtzen edo entzuten ditudanean beti galdera bera egiten diot nire buruari: Zergatik uste du tipo horrek beraren irizpideak ontzat hartu behar direla? Zeinek izendatu du 'modako hizkuntzaren epaile'?

Ustezko iritzi-sortzaile hauen erabakiak aldera utzita, egia da gure eguneroko hizkeran erabiltzen diren esamolde ugari telebistatik datozela. Gaur egun, zerbait oso erraza dela esan gura dugunean 'está chupao' esaten dugu, baina ez pentsa Mexikon edo Guatemalan ulertuko dutenik. Gezurra dirudien arren, ahaztutako komiko batek, Joe Rigoli izenekoak, modan jarri zuen esamoldea aspaldian eta ia konturatu gabe, askoren hizkeran sartu zen... agian betiko.

Horrelaxe funtzionatzen du kaleko hizkerak... hitz-gonbidatu berriak gehitzen dira inongo araurik gabe. Iturburua abesti bat izan daiteke, edo ijito giroko hitz bat, edo anglizismoren bat edo edozein txiste kontalarik indarrean jartzen duena. Gero akademiak etortzen dira; batzuetan errefusatzeko eta beste batzuetan (gutxien espero duzunean) azken boladako txorakeriak ontzat hartzeko. Denbora, beste horrenbestetan bezala, erabakigarria izaten da honelako gertaeretan. 'Gachí' edo 'pollopera' modako hitzen hilerrian daude aspaldian.

Eta euskarak? Ba al du kaleko euskal hizkerak behar besteko elikagairik? Telebistatik badator noizbehinka neologismoren bat: 'Wazemank', 'Puztarri'... Ezagunak dira 'txortan egin' tankerako kasuak (zenbait arrantzaleek 'short time' ingelesezko esaeratik hartuta, Britainia Handiko putetxeetan tarifa merkea omen zelako) ... Baina gehiegitan, gaztelaniatik hartzen ditugu gonbidatu berriak inongo arazo barik: 'brutala', 'porkulo hartzera', 'kabroia'...

Irainak erabiltzeko orduan, Arantxa Urretabizkaiak bere azken liburuan azpimarratzen duen moduan, gaztelania da nagusi euskaldunen artean ere. Hondarribiko alardean soldaduz jantzita desfilatzen dutenei 'puta', 'bigotuda' eta 'eskopetera' dira gehien oihukatzen dizkietenak. Berdin da 'Euskal Irainak' izeneko hiztegiak argitaratzea. Berdin dira Asisko Urmenetak edo Sarrionaindiak berak asmatzen dituzten neologismoak, kaleko hizkerak behetik gora finkatzeko ohitura dauka eta horretarako alferrik argitara daitezke gramatikak edo hiztegiak.

Bitxia bada ere, ETB 1eko pelikuletan, auzo baztertuetako hizkera bikoizten dutenean, hika erabiltzen dute. Ni bezalako euskaldunberri askorentzat formarik zailena eta ulergaitza dena, gaizkile marjinalena da Euskal Telebistako munduan. Beste kontraesan bat gure saskian sartzeko.

Agian gramatika batua finkatzeko ahalegina funtsezkoa izan delako edo, euskara hizkuntza hiper-arautua bihurtu dela dirudi, eta batzuetan ahaztu egiten dugu kaleko hizkeraren ekarpenak gramatika ofizialak bezain garrantzizkoak direla, hizkuntza batek bizirik iraun dezan.