Helburua: Ipar Euskal Herrian euskarazko eskaintza sustatzea

Irakasle bat, euskara irakasten./
Irakasle bat, euskara irakasten.

UEU eta Baionako Bernat Etxepare Lizeoa elkarlanean arituko dira xede hori lortzeko. Hortaz aparte, larunbatean, Euskaltzaindiak, Euskal Konfederazioarekin batera, XXI. Jagon Jardunaldia antolatu du intentzio berdinarekin

JAN ECHEVARRÍABilbao

Ipar Euskal Herrian euskarazko eskaintza bultzatzea premiazko helburua da. Horregatik, Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) Baionako Bernat Etxepare Lizeoaren bidelagun izatea erabaki du Ipar Euskal Herriko zentroak martxan duen 'Hazten gaitu, hazten dugu' kanpainan, UEUk atzo prentsa ohar bidez iragarri duenez.

Modu honetan, UEUk eta Bernat Etxepare Lizeoak, «euskarazko hezkuntza proiektuak izanik, indarrak bildu eta elkarlanean aritzeko asmoa dute Ipar Euskal Herrian euskarazko eskaintza sustatzeko». Izan ere, kanpaina honen bidez lizeo berriarentzat ekipamendu eta materialak lortu nahi dira. Ezinbestekoa da.

Zalantzarik gabe, Ipar Euskal Herrian euskarari bultzada eman nahi zaio eta, gauzak horrela, aipatzekoa da ere Euskaltzaindiak, Euskal Konfederazioarekin batera, XXI. Jagon Jardunaldia antolatu duela azaroaren 19an, non Iparralden euskara indarberritzeko egin beharrekoak aztertuko diren. Baiona euskal museoan izango da.

UEUren eta Baionako Bernat Etxepare Lizeoaren elkarlanaren aurkezpena Donostian izango da gaur Koldo Mitxelena Kulturunean. Ekitaldia 11:00etan hasiko da eta Iñaki Alegria UEUko zuzendariak, Hélène Charritton Bernat Etxepare Lizeoko zuzendariak eta Estelle Gogni kanpainaren koordinatzaileak parte hartuko dute.

 

Fotos

Vídeos