Saltillo belaontziak bihar hasiko du udako itsasaldia euskal kostaldetik
Santurtziko kirol-portuan hasiko du 17 egun iraungo duen bidaia, Lekeitio, Donibane Lohitzune, Getaria, Donostia, Hondarribia, Mutriku eta Bermeo bisitatuko dituelarik
elcorreo.com
Martes, 16 de agosto 2016, 02:35
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Saltillo belaontziak bihar hasiko du udako itsasaldia euskal kostaldetik, irailaren 2ra arte. Santurtziko kirol-portuan hasiko du 17 egun iraungo duen bidaia, Lekeitio izango duelarik lehen helmuga. Ondoren, Donibane Lohitzune, Getaria, Donostia, Hondarribia, Mutriku eta Bermeo bisitatuko ditu, EHUk jakinarazi duenez.
Mikel Lejarza kapitain duen itsasaldi honetan, EHUko Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoko ikasleek nabigazio praktikak egingo dituzte. Horrez gain, bela mundua gizarteari hurbiltzea eta antzinako belaontzi hau ezagutzera ematea ere badira itsas ibilaldi honen helburuak. Horretarako, bidaian zehar, Saltillok bere ateak irekiko ditu nahi duten guztiek ontzia bisitatu dezaten.
Bestalde, Saltillo 1932an eraiki zen eta, bi urte beranduago, Pedro Galindez enpresari bizkaitarrak erosi zuen. 1946tik 1963a arte Galindezek errege-familiari utzi zion belaontzia, erabil zezan. 1968an Galindezek Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoari itsasontziaren dohaintza egin zion, eta 1998az geroztik EHUko ontzi-eskola bezala erabiltzen da.
Halaber, kostaldeko itsasaldi hau aurtengo udako bigarrena da, izan ere, uztailean Bretainiako Brest eta Douarnenez-eko Itsasoko Jaialdian parte hartu zuen Saltillo belaontziak. Lau egunez, eskola-ontzia beste 1.500 belaontzi klasiko eta tradizionalekin batera nabigatzen aritu zen Brest-ako badian.
Saltillo belaontziaren egutegia eta ordutegiak honako hauek izango dira: abuztuak 17an Santurtzi - Lekeitio, abuztuak 18, Ate irekiak Lekeition, abuztuak 19, Lekeitio - Donibane Lohitzune, abuztuak 20- 21, Ate irekiak Donibane Lohitzunen, abuztuak 22, Donibane Lohitzune - Getaria, abuztuak 23, Ate irekiak Getarian, abuztuak 24, Getaria - Donostia eta abuztuak 25, Ate irekiak Donostian izango dira.
Gainera, abuztuak 26an Donostia - Hondarribian iznago dira, abuztuak 27 -28, Ate irekiak Hondarribian, abuztuak 29, Hondarribia - Mutriku, abuztuak 30, Ate irekiak Mutrikun, abuztuak 31, Mutriku - Bermeo, irailak 1, Ate irekiak Bermeon eta irailak 2, Bermeo - Santurtzin. Bisiten ordutegia, 10:00etatik 13:00etara eta 14:00etatik 19:00etara izango da.