Bete-betean hartuko du Durangoko erdialdea Ibilaldiak
Bizkaiko ikastolen festak 6,3 kilometroko ibilbidea izango du eta jarduera ezberdinez beteriko bost gune eskainiko ditu hilaren 29an
Iñigo Crespo
Viernes, 13 de mayo 2016, 00:26
Dena prest dago Durangon 38. Ibilaldia ospatzeko. Hilaren 29an milaka pertsona bilduko dituen Bizkaiko ikastolen jai handiak 6,3 kilometroko ibilbidea du, eta bete-betean hartuko du herriko erdialdea. 'Dagigun!' lelopean murgilduko da festa, guztira bost gune eskainiko dituena. Hauek, gainera, ekitaldi ezberdinez eta jardueraz beterik egongo dira, eta adinen ordez, ekintzen arabera zatituko dira eremuak.
Tabira izango da ibilbidearen abiapuntua, Ibaizabal ikastolan hain zuzen. Ondoren, Zuhatzola parkera eta Landako Gunera joko du, Kurutziaga ikastolan amaitzeko. «Ezinbestekoa dugu finantzaketa lortzea ikastolen maila pedagogikoa mantentzeko. Horregatik, aurten bilduko dugun dirua Ibaizabalen eraikin berri bat egiteko eta Haur Hezkuntza berritzeko erabiliko dugu», adierazi zuen atzo Juan Carlos Gómez Ibilaldiaren presidenteak.
Antolatzaileek jakinarazi dutenaren arabera, «ingurumena errespetatuko duen festa jasangarria» burutu nahi dute. Horretarako, garraio publikoa erabiltzea aholkatu dute, eta baita zabor kopurua murriztea ere. Gainera, botiloia ekiditeko plangintza ere prestatu dute arduradunek. Honen inguruan, hurrengo mezua hedatu nahi du aurtengo Ibilaldiak: 'Ondo pasa dagigun! Pasatu gabe!'.
Esan bezala, bost gune ezberdinak euren gaien arabera zatituko dira. Lehenengoa eraikuntzari buruzkoa izango da, eta 'flashmob' bat grabatuko da bertan, Ibilaldiaren koreografiarekin. Bigarrenak kirola izango du ardatz, kontzerturik onenak hartuko dituen bitartean. Hirugarrenak kreatibitatea jorratuko du, eta laugarrenak azpimarra heziketan ipiniko du. Azkena, bere aldetik, gastronomiara zuzendua egongo da, eta pintxo-dastalekua eskainiko du.