Halloween, ohitura zaharra Euskal Herrian
Duela 60 urte kalabazak lapurtu, hustu eta kandelak sartuta jendea beldurtzen ospatzen zuten gure aitona- amonek 'Arimen Jaia'
izaskun moyano
Sábado, 31 de octubre 2015, 00:56
Gizartea aldatzen ari da, eta horrekin batera antzinako ospakizunak alde batera uzten dira, berriak hartzen direlarik. Euskal Herrian 'Halloween' galtzearen arrazoiak asko izan daitezke. Baliteke garai hartako gazteei jai hau interesatu ez izana. Bestela, 'Arimen Jaia' nekazal eremuarekin lotutako festa izan da, eta teknologia berrien agerpenarekin baserriko ohiturak arrotzagoak gerta litezke.
Azken urteotan jatorri irlandarreko amerikar jaia ospatzeko joera dago. Egungo gazteek hori uste dute, behintzat. Kalabazak hustu eta kandela sartuz jendea ikaratzeko ohitura atzerritik datorrela. Baina egia esan, gure aitona- amonek urriaren azken egunean horrela ibiltzen ziren.
Izatez, 'Arimen Gau' honen oinarriak ez daude oso argi. Baina herri guztietan antzeko ohitura zuten. Mutil eta neska gaztak izara batekin mozorrotuta baserrietako kalabazak lapurtzen zituzten. Barrenak hustu eta begi, sudur eta aho zuloak egin ostean barruan kandela bana sartzen zuten. Hauen bidez jendea ikaratzen zuten. Garai hartan gauez kaleak ilunak ziren, ez baitzegoen argirik. Beraz, errosarioari errezatzetik ateratzen ziren emakume zaharrek susto handia hartzen zuen.
Mutrikun, 'Gaba Beltza'
XX. mende hasieran sortu eta 1950. hamarkadan desagertutako ohitura baliteke guztiz galduta ez egotea. Izan ere, Mutrikun (Gipuzkoa) antzeko jai bat ospatzen dute. Ospakizun bera izan ez arren, duela hogei bat urte, Arimen Gaua moldatzea erabaki zuten. Alde batetik, heriotzen inguruko ipuinak kontatu eta bertsoak botatzen dituzte. Horrez gain, gabaz argi guztiak itzalita kale antzerkiak burutzen zituzten, sua eta pirotekniarekin jolastuz.
Hala eta guztiz ere, beldurtienentzat parranda egiteko aukera ere bada 'Gaba Beltza'. Izan ere, tabernak modu berezian apaintzen dituzte eta inguruko herrietatik gero eta jende gehiago hurbiltzen da Mutrikura urriaren 31. egunean beltzez jantzita.
Jaiaren inguruko azalpenak ematen dituzten diapositibak ere ikusgai jartzen dituzte kalean. Eta kalabazak husten ikasteko tailerrak izaten dira etxeko txiki eta ez hain txikienentzat. Honela, egungo umeek 'Gaba Beltza' entzun eta badakite zer den: «Heriotzari alde makraboena kendu, alderdi ludikoa azaleratu eta haren inguruko ikuspegiak eta ohiturak zabaltzeko festa».