Uxue Barkos.

Badator Uxue

Ia edozer jotzen da historikotzat hedabide askoren irizpide malguen arabera, baina gaurtik aurrera Nafarroan jazoko denak zinez merezi du oso noizean behinekoei dagokien adjektibazioa. Uxue Barkos bertako presidente izendatzea mugarri da, garai berri baten hasiera

JOSEBA ARRUTI

Lunes, 20 de julio 2015, 00:57

Ezinezkoa ematen zuen UPN edo PSNrik gabeko gobernua osatzea, baina gertatzear dago. Inbestidura saioaren eguna heldu da, Uxue Barkos Nafarroako exekutiboaren buru aukeratzekoa. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal dugu eta Izquierda-Ezkerraren batuketak egingo du posible, 50etik 26 baitira Parlamentuan. Programa zabala baina zehatza hitzartu dute lau alderdiek, eta horixe izango du bide orri aurreko astean ezagutzera emandako sailburu taldeak. Ekin aurretik jaurti dizkiete kritika zorrotzak zenbait sektoretatik, aukerarik txikiena ere eman gabe. Aurreko legealdietako gehiegikeriak, hankasartzeak eta jokabide ustelak, Nafarroako Kutxa akabatu zutenak besteak beste, ahaztarazi guran dabiltza, baina erresuma zaharreko herritarrek oso gogoan izan zituzten maiatzaren 24ean bozkatzerakoan. UPNren jaitsiera nabarmena ez da berez heldu, boterea baliatzeko izandako moduaren ondorioz baizik. Sozialistek ere ezingo diete oraingoan makulu lanik egin, nafartasuna ulertzeko modu estu baten izenean alternatiba politikoa osatzeari uko egin izanak sinesgarritasunik gabe utzi baititu sektore askoren aurrean. Hala, Nafarroa erkidego autonomo bereizi modura orain arte kudeatu duten bi alderdiak oposizioan egongo dira aurrerantzean, urte luzetan egindako merituen eraginez.

Publicidad

Uxue Barkosek luze jardun du Diputatuen Kongresuan eta, inkesta gehienetan politiko baloratuena izateaz gain, gainerako alderdi guztien begirunea irabazita itzuli da Iruñera. Ez da egun batetik besterako saria izan, testuinguruaren araberako izar distiratsuarena, jarduera politikoa bera ulertzeko moduak eragindakoa baizik. Abertzale eta nafar izatearen zilegitasuna Euskal Herritik kanpo aldarrikatzeko ezin aproposagoa izan da ordezkari modura, egungo estatusaren defendatzaile sutsuenek hori eragozteko egin dituzten saiakeren kaltetan. Nafarroa anitza da, ahots eta adierazpide ugarikoa, eta inork ez dauka berau patrimonializatzeko eskubiderik. Horretan aritu direnek Estatu arrazoiaren magalean ekin diote, zatia osotasunaz jabetu zitekeelakoan. Abertzaleak nafarrena bezain nafar dira, ez kanpoko interesen zerbitzurako Troiako Zaldia. Bertako identitatea Nafarroan direnen batuketarena da, eta ukazioek ezin dute etorkizuneko osagai izan. Alde horretatik, aldaketa normaltasunaren eta bizitasun demokratikoaren adierazle da.

Egungo estatusaren ingurukoak ez daude aldian aldiko gobernuen esku, herritarren iritziaren menpe baizik. Konstituzioaren laugarren xedapen iragankorrak agintzen duenez, erreferendum batean erabaki beharko litzateke etor litekeen edozein aldaketa. Indarrean dagoen Foru Hobekuntzari ez zitzaion horrelakorik eskatu baina, dena den, orain erakundeek bultzatzaile lana baizik ezin dute egin, erabakia nafarren esku baitago beti. Ez dago berme hoberik. Horrela izanik, gaurtik aurrerako Gobernuak ondo daki hori ez dela lehentasuna, arlo ekonomiko-soziala baizik. Aldi berean, euskararekin lotutakoei emango zaie bultzada, orain arteko mugak gainditu nahian. Aukeraren bidetik jo behar du aurrera nafar hizkuntzak, herritarren borondatetik eta atxikimendutik. Euskara ez da arrotza han, ezin bertakoagoa baizik, eta ondare aberasgarri hori aintzat hartzea dagokie Barkosi eta bere sailburuei.

Gobernu berria osatzeko modua egokia izan da, alderdikerietatik urrundutakoa. Kide izango dituenak profesional ezagunak dira, ibilbide luzekoak. Egia da lau alderdiren arteko bategiteak arazoak sor ditzakeela legealdian zehar, honelakoetan ohikoak izaten diren gorabeherak. EH Bilduren zati batek oraindik hainbat sektoretan eragiten duen mesfidantza ere ez da harritzekoa, baina eurei dagokie desafioaren mailako neurria ematea. Nafarroan hasten den garai berriak orekarena izan behar du, gertutasunarena, bere nortasunaren muinei uko ez egitearena, inori lepoa ez ematearena. Horretan funtsezkoa izango da Uxue Barkos presidentearen izaera, ezagutza eta gaitasuna. Ez dago hoberik guzti hori bermatzeko, errealitatea aintzat hartzetik jarduteko. Bere aurkari politiko sutsuenak ere onartzen dizkion dohainak baliatzetik lortuko du esperientzia politiko iragankor bateko buru ez izatea, nafarren zerbitzura arituz errealitate soziopolitikoa onerako aldatu eta etorkizunera begirako egitasmoa lantzea.

Euskal Autonomia Erkidegotik guzti hori errespetuz begiratzea eta aztertzea dagokigu. Nafarrek erabakiko dute zer nolako harremana nahi duten gainerako hiru lurraldeekin, zenbat urrats egin nahi dituzten lotzen gaituztenetan sakontzeko. Egiturak aldatu gabe ere, aukerarik ez da falta arlo guztietako lankidetzak bultzatzeko. Urkullu lehendakariak eta Barkos presidenteak badute zer eraiki, zer estutu, ordezkatzen dituzten erkidegoen hobebeharrez zer landu. Zutabeetatik ekin behar zaio, egunerokotik, elkarren artekoek ematen dituzten aukerak baliatzetik, ezagutzatik eta kidetasunatik osa daitekeen proiektu emankorretik. Nafarroako aldaketa agendaz kanpoko zenbait estrategiaren esanetara jarri nahi dutenak oker dabiltza, inor xaxatzen ibili beharrean herritar guztiak aintzat hartzea izan behar baita lehentasuna. Aldaketa historikoa da gaur datorrena, eta baita aukera historikoa ere. Bestelako Nafarroa eraikitzeko, eta orain arteko eskemak luzaroan bazter uzteko.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad