Erlojuaren kontrakoa
Larri dabiltza Alderdi Popularrean. Hauteskundez jositako urte honetan, Andaluzian jazotakoa ikusita, itxura txarrekoa da datozen hilabeteetan etor dakiekeena. Egoera ekonomikoaren hobekuntzak arnasa emango zielakoan aritu dira orain arte PPkoak, baina herritarrek ez dute oraingoz hori nabaritu eta azken lau urteotako estuasunak ahaztu ezinik jarraitzen dute
Joseba Arruti
Lunes, 13 de abril 2015, 00:49
Mariano Rajoy oso txirrinduzalea ei da eta, ziurrenik, politikako hainbat gorabeherak kirol horretan gertatzen direnak ekarriko dizkio burura sarritan. Udaletan eta maila autonomikoan zein hauteskunde orokorretan 2011n lortutako garaipen ia ezin handiagoen ostean, egoera ekonomikoa bideratzea eta hobetzea izan zen Alderdi Popularraren lehentasun nagusia. Sozialistek sekulako porrotak pilatu zituzten urte hartan, krisiaren eraginez batik bat. Hala, maiatzaren 23ko udal bozetan PPk 8.474.031 herritarren babesa jaso zuen, eta PSOEk 6.276.087rena. Handik hilabete gutxitara, azaroaren 20ko hauteskunde orokorretan, 10.830.693 boz jaso zituzten popularrek, eta 6.973.880 sozialistek. Alde horrekin, lehenek gehiengo osoa lortu zuten bai Kongresuan zein Senatuan. Estatu espainiarreko ia botere gune guztiak geratu ziren Rajoyren eta bere alderdikoen esku, egoera ekonomikoari buelta eman ahal izateko hainbatetan aipatzen den egonkortasun politikoa bermatuta. Hori eskatu zuen PPk egun haietan eta horixe eman zioten hautestontzietara hurbildu zirenek. Salbuespen modura, Euskadik eta Kataluniak euren dinamika eta gehiengo propioekin jarraitu zuten orduko hartan ere, beste erkidegoengandik ondo bereizita.
Herritarrek oso gogoan dute azken lau urteotan jazotakoa. Atzera begirakoaren funtsezko elementuetako batzuk, honakoak: Egoera ekonomiko ezin latzagoan utzi zuten Espainiako gobernua sozialistek. Hasiera batean Zapaterok ez zuen ikusi krisia gainean zegoela, eta ukatu egin zuen heltzear zegoenik ere. Ostean, okerreko edo/eta alperrikako errezetekin egin nahi izan zion aurre, ia erabat hondoa jotzeak hauteskundeak aurreratzera behartzeraino. Bozak irabazitakoan, PPren lehen betebeharra lemari eustea izan zen, bizikletatik ez erortzea. Europako Batasunaren eta nazioarteko diru erakundeen erreskateak zer ekar zezakeen argi ikusi zen Grezian, Irlandan eta Portugalen, eta antzeko zerbait Espainian gertatu ahal izateak izua eragin zuen hilabete luzetan. Ekonomia maldan behera erori zen, kontrolik gabe, langabeziak goia joz. Ezin larriagoa izan zen egoera, sekulako triskantza soziala eraginez. Kanpoko esku hartzea ez zen uste bezain zabala izan azkenean baina, hala ere, kudeaketa txarraren eraginez, zenbait finantz entitate ez hondoratzeko, milaka milioi euro eskatu behar izan ziren, zergadun guztien kontura. Krisiaren zama herritar xumeenen eta klase ertainaren lepo gainean jarri zuen Gobernuak, erakunde publikoen balantzeak orekatzeko zergak igota.
Eta horretan gaude. Egia da ekonomiak hazkunderako bidea hartu duela eta aurreikuspenak dezente hobeak direla datozen urteotarako. Baina langabeziak ia bere horretan dirau eta presio fiskalak poltsikoak estutzen jarraitzen du. Hobekuntza heldutakoan galdutako botoak berreskuratuko zituelakoan zegoen PP, baina Andaluzian gertatutakoak errealitatera bueltarazi ditu buruzagi popularrak. Egoera zailetan alderdietako tentsioak areagotu eta hautagaietako asko sigletatik urruntzen saiatzen dira. Horregatik, aurreko astean Mariano Rajoy zorrotz aritu zitzaien popularren zuzendaritza batzordeko kideei. Berari dagokion tamainan, jakina. Dagoeneko, PPn badakite udaletarako eta zenbait erkidego autonomotarako maiatzaren 24ko hauteskundeetan orain arteko botere mailaren zati handi bat galduko dutela. Podemos-ek eragiten dien kezka sistemikoa da, 1978ko ituna arriskutan jar dezakeela pentsatzearen ondoriozkoa, baina, aurrekoek higatutako PSOE ahul bat makulu modura erabilita edo horren laguntzarekin, hori kontrolpean mantentzerik badagoela uste izan dute hasieratik. Orain, aldiz, eremu ideologiko beretsuan Ciudadanos-ek bete-betezko kezka elektorala ekarri die, epe laburrekoa, boterea galtzearekin edo partekatu behar izatearekin lotutakoa. Premiazko egoera honetan, datorren hilabeteko erronkari aurre egiteko, Rajoyk alderdi barruko etsaien aurrean ere amore eman behar izan du. Bototan errentagarria izango zaiolakoan, Esperanza Aguirreri Madrilgo alkatetzarako hautagai izateko aukera eskaini dio, hiriburua eta bertako erkidegoa, Valentziakoekin batera, PPren bitxiak eta porrota edo nolabaiteko arrakasta neurtzeko gune nagusiak direla baitaki.
Espainia mailan popularrak kezkatuta badabiltza, zer esanik ez Euskadin. Hemen Ciudadanos-ek hozkadarik emango ez dien arren, ia hutsaren hurrengoa delako, PP bera ere marginalitate politikora ari da gerturatzen, Gipuzkoan batik bat baina Bizkaiko egoera gero eta txarragoa ahaztu barik. Ziklo negatibo orokorraz gain, Arantza Quirogak ez du asmatu alderdia bide egokitik eramaten. Kanpoko atxikimendu berriak lortu ez eta barruko giroa ere nahastu du. Lidergorako bere gaitasuna kolokan dago ia hasieratik, makal dagoena ez baita kolpeka sendatzen. Alderdiaren baitako integrazioa bultzatzeko gai ez denak nekez aurkez dezake bere burua alternatiba modura gizartearen aurrean.
Baina PPren kezka nagusia urte amaierarekin lotuta dago, hauteskunde orokorrekin bat eginda. Dagoeneko Pedro Arriolak ere ez du sinetsiko gehiengo osoa errepikatzeko aukera txikiena ere dagoenik. PSOEren ezintasunek eta Podemos-en beherako joerak lehen alderdia izaten jarraitzeko aukera emango diote ia ziur, baina, egoerarik onenean, oso ahulduta. Gerta liteke Ciudadanos-ekin batera ere erdia gehi bateko gehiengorik ez lortzea Kongresuan. Horregatik, erlojuaren kontra ari da PP, orain ez bada azaro bueltan lasterketa irabazi nahian. Gero eta zale gutxiago ditu bazterretan, eta arnasestuka dabil aspaldion. Modu etsian ari da aurrera egin guran, bizikletari eusten. Rajoy Poulidor-en sindromeak jota egon da luzaroan. Hark ere irabazi zuen behin Espainiako Itzulia, baina beste inoiz ez.