Bi euskal bide
Ehundaka mila euskal herritarrek ospatu zuten atzo Aberri Eguna, 1932tik aurrera egin den legez. Horietako milaka batzuk Bilbon eta Iruñean bildu ziren, Eusko Alderdi Jeltzalearen eta Independentistak sarearen ekitaldietan. Aurrera begiratu zen batean zein bestean, baina bakoitzaren iraganaren, egitasmoen eta bidearen arabera
Joseba Arruti
Lunes, 6 de abril 2015, 01:16
Berpizkunde Domeka Aberri Eguna da duela 83 urtetik. 60.000 lagun inguru bildu ziren estraineko hartan Bilboko kaleetan, EAJk deituta. Urtebete lehenago aldarrikatutako Errepublikak aukera berriak eskaintzen zizkien orduko hartan euskal lurraldeei euren batasun politikorako bidean, eta giroa gori-gori zegoen. Mende erdi betetzen zen, gainera, Sabino Aranak abertzaletasuna gorpuzteari ekin zionetik eta guzti horren fruitu izan zen ordukoaz geroztik urterokoa izan den jai eta aldarrikapenerako eguna. Ahal izan den moduan ospatu da zortzi hamarkada luzetan, tarte demokratikoetan zein diktaduraren itzalpean. Kalean zein etxean, baina hutsik egin gabe.
Aurten hauteskunde garrantzitsu batzuen bezperatan heldu da, udalak, batzar nagusiak eta Nafarroako Parlamentua baitaude jokoan, eta lehia hori nabaria izan da bi hiriburuetako ekitaldietan. Hala, EAJko buruzagiak eta bost mila bat alderdikide eta jarraitzaile Herriz herri, aberri! lemapean bildu ziren atzo Bilboko Plaza Barrian. Aurreko astean plazaratutako agirian alderdi jeltzaleak dioenez, ondo sustraituta dugun autogobernuak izan beharko du etorkizunerako aukera politiko berriak horren gainean eraikitzeko oinarria. Hortik abiatuta, Euskadi nazioaren aitortza, berdinen arteko akordioa, aldebikotasun eraginkorra eta Euskal Herriaren erabaki eskubidea instituzionalizatzea eskatu dute jeltzaleek. Halaber, hurbileneko xedetzat hazkunde ekonomikorako eta enplegua sortzeko bidera itzultzea, bakea finkatzea, elkarbizitzeko aldi berria eta giza eskubideak errespetatuak izango diren tartea zabaltzea hartu ditu, horiek lortze aldera Estatu egiturak indartzea ezinbestekotzat joz. Iñigo Urkullu lehendakariak guzti horretan sakondu zuen atzoko bere mintzaldian. Gogoratu zuenez, EAJ Euskadiren askatasuna lortzeko sortu zen, eta aurrera begira ere hori da helburua, elkarlanean herri aske bat lortzea. Andoni Ortuzar EBB buruak, aldiz, egoerak eskatzen duen mailan egoten jakingo dutela nabarmendu zuen, amestea ahalbidetzen duen ziklo politiko erabakigarria baitator.
Independentistak sareak, bestalde, EH Bildu eta EH Bairen babesarekin, manifestazio jendetsua egin zuen Nafarroako hiriburuan, Guztion etorkizuna jokoan dago, heldu independentziari! lemapean. Bertan adierazi zutenaren arabera, jada XX. mendeko posibilismo autonomistek ez dute balio eta independentzia da alternatiba bakarra. Hitzok, antolatzaileen izenak eta ekitaldiaren goiburuak argi adierazten dute zein izan zen bertako aldarrikapen nagusia. Iruñean bildutakoen artean, ezker abertzalea da benetako gihar politikoa duen bakarra, eta duela gutxi koalizioko gainerako kideekin hitzartutako Euskal bidea izeneko dokumentuan dago etorkizunerako bere proiektu estrategikoa, burujabetza osora heldu bitarteko ibilbidea alegia.
Abertzaletasunaren ohiko bi joera nagusiek ospatu zuten Aberri Eguna, urtero legez, baina bakoitzak bere erara, bere iraganarekin eta etorkizunari eusteko berezko moduarekin. Jeltzaleak Euskal Autonomia Erkidegoaren instituzionalizazio prozesuaren protagonista nagusiak izan dira. Autogobernu ukigarria eraiki dute azken hamarkadotan, herritar guztientzako ongizatea eragin duen erakunde sareari esker. Ezker abertzalea, aldiz, bere zurrunbilo politiko-militarrean galduta ibili da luzaroan, presoak Euskal Herritik gertuko espetxeetara hurbiltzea ere lortu ez duen norabidean. Aljerrekoaz geroztik, gero eta aukera gutxiago izan du ezer negoziatzeko, baina itsu eta gor jarraitu du duela oso gutxira arte. Giza eskubideen ikuspegitik balantzea negargarria izan da erabat, eta politikoki hutsaren hurrengokoa. Itxurazko autokritikak ez die gaitasun estrategikoa hobetzen lagunduko eta, orain artekoarekin, ez dira abiapuntutik asko urrunduko. Independentziara daraman bidean ari direla dioten buruzagiek ondo dakite, nolabait lortzekotan, oso luze joko duela xede hori gauzatzeak, ñabarduraz beteta izanda ere, eta euren ekin soil eta bakarkakoak ez duela errealitate hori aldatuko.
Politikan burua eta bihotza ondo bereiztea komeni da. Bigarrenak ideiak, sinesmenak, usteak, grinak ponpatzeko balio du, norbere izaera eta helburuak pizgarri izan daitezen. Baina lehenarekin kudeatu behar da guzti hori, errealitate soziala aintzat hartuta, helburuei uko egin gabe erdibideak zehaztuta eta horiek momentu historiko bakoitzera egokituta. Aldarrikapen esentzialistek barrenak pilpiltzen dituzte, bizipoz politikoa emateraino, baina alperrikakoak dira jarduera eraldatzaile eraginkorrari begira. Alde horretatik, EAJk ondo bereizten ditu epe laburra, ertaina eta luzea, eta bide demokratikoen aldeko apustu zorrotza egin du beti. Euskal nazioak herritarren borondatearen emaitza izan behar du, eta ezin da sekula horien gainetik egon.
Agian, datozen bizpahiru hamarkadetan euskal lurraldeen arteko lankidetza iraunkorra gauzatu ahal izango da, nolabaiteko egitura instituzional egonkor baten baitakoa. Baina hori lortu nahi bada, abertzaletasunaz gaindiko beste hainbaten babesa ezinbestekoa izango da, egungo estatu egiturak desagertu barik, bateraezintasun klasikoei aurre eta uko eginda, irudimenez, Europak eskaintzen dituen baliabideak aprobetxatuta, posible den Euskal Herri politikoa ahalbidetzeko. Nafarroan, eta zer esanik ez Iparraldean, hori ez da gorpuztuko aliatu berririk gabe, eta maximalismoak ez du horiek erakartzen lagunduko. Posibilismo madarikatu horrek ekarri gaitu gaur egungo autogobernu eta erakundetze mailara eta bide horri eusten dionak asmatuko du. Orain arte bezala.