Borrar
Cayo Larak.

Kainen oinordekoak

Ia ezinezkoa ematen du hauteskundez betetako urte honen ostean IUk bizirautea. Podemos-en agerpenak, hankasartze estrategiko eta praktikoek eta barne zatiketa geraezinek behin betiko hondoratuko dute PSOEren ezkerretara dagoen esparrua batzeko duela ia hiru hamarkada osatutako koalizioa

JOSEBA ARRUTI

Lunes, 16 de marzo 2015, 00:53

1986. urtea oso urrun geratzen da, kronologikoki zein politikoki. Orduan sortu zen Izquierda Unida (IU), Espainiak NATOn jarraitzearen aurkako kanpainaren inguruan. Sasoi hartan, sozialistek hasierako ezetzaren ordez baiezkoa eman zioten azkenean erakunde militarrean jarraitzeari eta Felipe González Gobernuko presidenteak erreferenduma deitu zuen bere kontraesanak zuritzen saiatzeko asmoz. PSOEren jarrerak haserre bizia eragin zuen ezkerreko hainbat sektoretan eta horietako batzuk izan ziren IU abian jartzen hasteko urratsak egin zituztenak, Hego Euskal Herrian ez bezala baietza nagusitu arren martxoaren 12ko galdeketan ia zazpi milioi herritarrek ezezkoa eman zutela ikusi ondoren. Garaiko PSOE ahalguztidunari NATOren aldeko apustuak eragindako kalteaz baliatzeko, PCE, PSUC, zazpi alderdi txiki eta independiente talde batek batzea erabaki zuten apirilean, eta IU sortu. Baina, hainbat arrazoi tarteko, etekin urriarekin ekin zioten, urte bereko ekainean egindako hauteskunde orokorretan bozen %4,6 eta 7 diputatu baino ez baitzuten lortu. Jauzia 1989an heldu zen, Gerardo Iglesias buru zela, %9arekin eta 17 ordezkarirekin. Dena den, onena Julio Anguitaren eskutik eman zuen IUk. Cordobako alkate izandakoa presidentegai aurkeztuta, botoen %10 eta 21 diputatu berenagatu zituen federazioak 1996an, 1977an Santiago Carrillo eta Dolores Ibarrurirekin PCEk izandako 19etatik oso gertu. Aznarren garaipenaren urtetik aurrera, zatiketak, Nueva Izquierda korrontearen kanporatzea tarteko, eta etengabeko gainbehera etorriko ziren.

Gaur egungoak, teorian, testuinguru ezin aproposagoa behar zuen IUrentzat. Gogoratzen den krisi larrienak jota dagoen gizarteak PSOE bazter utzi zuen 2011n, Zapateroren azken etapan egindako hankasartzeak eta erakutsitako kontraesan ideologikoak ezin ahaztuta. PPren gehiengo osoak eta indarrean jarritako politikek, batetik, eta sozialistek Rubalcabaren buruzagitzapean burua ezin altxatzeak ezkerrean eragindako hutsuneak, bestetik, aukera aparta eskaini zioten IUri gora jotzen hasteko, aspaldian lortu gabeko indarra eskuratzeko. M-15eko mugimendua giro horren berotasunean gorpuztu zen, ohikoak baztertuta bestelako dinamika politikoak aldarrikatzeko asmoz. Zenbait inkesta ezinegon sozial sakon hori islatzen hasi ziren eta federazioari emaitza onak iragartzen, iazko maiatzean Europako Parlamentuko hauteskundeak egin ziren arte. Ordukoan, Pablo Iglesias eta bera bezalako unibertsitateko irakasle talde baten inguruan osatutako Podemos-ek ezustekoa eman zuen, eta dena hankazgora jarri eta aldatu zen.

Gaur egunerako tartean talde politiko berriak gora egin du ezin nabarmenago, zenbait inkestatan PP eta PSOEren aurretik irabazle agertzeraino, eta IU zulo sakonean hondoratu da, Podemos-en itzalak eta gero eta nabarmenagoak diren zatiketek etorkizuna ezin beltzago jarri baitiote. Modu etsian Cayo Larak Alberto Garzón diputatu gazte mediatikoaren esku jarri du lidergoa, baina alperrik. Iglesias eta bere inguruko gehienak IUtik datoz, ez dira ezezagunak politikagintzan. Baina berri modura agertzen jakin dute, iraganeko zamarik gabekoak bailiran. Andaluziako gobernuan egoteak eta ustelkeriarekin lotutako bertako eskandaluek zein Caja Madrideko zuzendaritza taldean IUko ordezkariek izandako jokabideak, besteak beste, sinesgarritasuna kendu diote federazioari eta 78ko erreximenaren parte gisa hartu dute ezkerreko sektore gazte eta dinamikoenetako askok. Hortik aurrera, bere tankerako alderdietan hain ohikoa den kainismoa lanean jarri da abiada bizian, talde politikoa ia odolusteraino. Podemos da orain sozialisten ezkerretara dagoen esparru zabaleko erreferente nagusia, eta IU iragana da gero eta gehiago, galdutako aukera.

EAEko Ezker Batua guzti horren isla izan da. Sasoi batean Javier Madrazo, Mikel Arana eta Oskar Matute buru izandako hartatik ia ez da ezer geratzen, ezinikusiak eta gorrotoa besterik ez. Eusko Jaurlaritzan bi legegintzalditan zehar 2009. urtera arte politika sozialen ardura izan eta gero, ezin zatituago eta ahulago dago garai batean erabakigarri izandako indar politikoa. Ia ez dago bere arrastorik eta aurpegi ezagunenetakoak izandako hiru horietatik bakoitzak bere bidea hartu du, kasuren batean atzean utzitakoarekin ageriko kontraesan sakon bat baino gehiago duena.

Inork ez daki Podemos-en goraldiak luze joko duen ala ez. Beharbada, egoera ekonomikoak hobera egiterakoan indarra galduko du, edo kudeaketa lanetan hasterakoan. Dena den, IUrentzat ezer ez da berdin izango aurrerantzean. Bere burua berregiten saiatu beharko du baina, hala ere, horrek ere ez du salbatuko desagertzeko arrisku bizitik. Ezker homologatuaren ezkerretara kokatzen direnek zail izaten dute aldarrikapen iraultzaileak eta eguneroko kudeaketa konbinatzea. Munduan zehar eredugarritzat dituzten horietan ikusten dena ere ez da bizimodu hobe bat. Hankasartze propio ugariek eta horietatik sortutako Podemos-en olatuak zigortu dute IU. Kontraesan askoren biktima izan da, eta seguruenik helburuak, bitartekoak eta jokamoldeak uztartzen jakin ez izanak akabatuko du. Bertan aritutakoak ihesean hasi dira dagoeneko, eta atea behin betiko nork noiz itxiko duen jakitea baino ez da falta.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Kainen oinordekoak

Kainen oinordekoak