Zabalarra eta Landako eskoletako Guraso Elkarteek beraien elkarlana ospatuko dute

NAHIKARI CAYADO DURANGO.

Durangoko Zabalarra eta Landako eskola publikoetako Guraso Elkarteko kideek bat egitea erabaki dute indarra eta baliabideak partekatuz, familiek eta umeek elkarlan honen onurak jaso ditzaten. Bateraketa hau ospatzeko, jaialdia antolatu dute astelehenerako, Euskararen Egunaren baitan.

Ekitaldiak 'Txapela buruan eta dantza munduan' ikuskizunarekin hasiko dira, Eidabe antzerki taldearen eskutik, arratsaldeko bostetan, Landako eskolan. Haur eta familia osoarentzako kale ikuskizun honek haur, gazte eta heldu dantzan jartzea du helburu. Ondoren, seiak aldera, bertaratutako guztientzat txokolatada bat egingo da. «Eskola bietako familiak eta nahi duen guztia gonbidatuta dago», adierazi dute antolatzaileek.

Aipatzen dutenez, bi eskolen arteko elkarlan hau ez da berria, izan ere, eskola biek urte bi daramatzate Berton Bertokoa proiektuarekin lanean. Bertan, eskolako jantoki eredua aldatzeko ahalegin bat bultzatu nahi da, menuetan inguruko produktuak erabiliz eta ez dagoen lekuetan sukalde baten eraikuntza proposatuz, Zabalarran gertatzen den bezala.

Guraso Elkarte bietako kideak sarritan batu izan dira esperientziak, ideiak eta kontaktuak elkar trukatzeko. Esate baterako, orain dela gutxi Landako eskolan bertoko produktuekin merienda bat ospatu zuten, non 300 pertsonek parte hartu zuten. Ekintza bera ekainean burutu zen Zabalarra eskolan. Bestetik, ostegun honetan, Berton Bertokoa ekimena osatzen duten eskolek eratutako bideoklipa, 'Sukalde bat jantokian', aurkeztuko da Durangoko Azokaren Irudienea gunean.

Temas

Durango
 

Fotos

Vídeos