Uxue Alberdik hasiko du ostiralean Hitzez eta Ahotsez literatura ekimena

Uxue Alberdi idazleak hitzaldia emango du ostiralean. /   LUIS MICHELENA
Uxue Alberdi idazleak hitzaldia emango du ostiralean. / LUIS MICHELENA

'Askatasuna' gai duen solasaldi zikloak beldur eszenikoari aurre egiteko teknikak eskainiko ditu Julen Orbegozo irakasle durangarraren eskutik

NAHIKARI CAYADO DURANGO.

Ate joka dator Durangoko herria literaturaren topagune bihurtzen duen Hitzez eta Ahotsez ekimena. Seigarren edizio honetan, urteroko egitarauan ohikoak diren hitzaldiak, solasaldi dialogikoak eta ekitaldiak agurtuko dituen jendaurreko irakurraldiaz gain, beldur eszenikoari aurre egiteko saioa ere eskainiko dute antolatzaileek lehenengo aldiz.

'Joseba Sarrionandia', 'Itsasoa', 'Durangaldeko idazleak', 'Bidaia' eta 'Lurra' gaiak jorratu ondoren, 'Askaratsuna'rekin lotutako liburuak eta literatura arloak nabarmenduko dira ostiralean hasiko den deialdi berri honetan.

Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak emango dio hasiera 'Bertsoraino' izeneko hitzaldiarekin. Arte eta Historia Museoan izango da hitzordua, arratsaldeko zazpietatik aurrera. Aurkezle lanetan, Ane Arbeo durangarra arituko da.

Hitzez eta Ahotsez ekimenak otsailaren 14an eta martxoaren 14an izango du jarraipena Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekan, edizio honetarako aukeratutako gaiaren inguruko tertulia dialogikoekin. Arratsaldeko zazpietan izango diren bi hitzordu hauetara hurbiltzen direnek, 'Askatasuna' ildo nagusitzat duten testuen inguruko berbaldietan parte hartu izango dute. Apirilaren 12an berriz, ipuin kontaketa izango da leku berean Dorleta Kortazarren eskutik.

Jendeaurreko irakurraldia

Beldur eszenikoari aurre egiteko teknikak eskainiko dituen prestaketa saioa izango da aurtengo berrikuntza nagusiena. Lan saioa Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta kazetaria den Julen Orbegozok emango du, maiatzaren 2an, arratsaldeko zazpietan, Plateruena Kafe Antzokian.

2019ko edizioa maiatzaren 10ean amaituko da Antzokian egingo den jendaurreko irakurraldiarekin. Ekitaldia arratsaldeko bostetan hasiko da eta gauerdira arte iraungo du. Gainera, saioa baino lehenenago talde bazkaria ospatuko da.

Parte hartu nahi duen edonori dago irekita azken irakurraldi hau. Partaide bakoitzak bi minutuko tartea izango du aldez aurretik egokitutako edo sortutako testua plazaratzeko. Irakurraldian parte hartu nahi dutenek hitzezetaahotsez@gmail.com helbidean izena eman beharko dute.

Temas

Durango
 

Fotos

Vídeos