48 partaide arituko dira Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Sariketan

Durangaldeak bihar jokatuko du kanporaketa Lea-Artibairen aurka, Markina-Xemeingo Kultur Aretoan

NAHIKARI CAYADO DURANGO.

Bertsozaletasuna betidanik egon da Euskal Herrian, eta nola ez, baita durangaldeko eskualdean ere. Bertatik irten dira soberan ezagun egin diren bertsolari askoren izenak, hala nola, Miren Amuriza, Igor Elortza edo Txaber Altube. Generazio desberdinetako bertsolariak, txapelketa desberdinen ondorioz ezagun egin direnak.

Hori da hain zuzen Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Sariketak lortu nahi duena; bertsolari gazteenei aukera bat ematea eta <<euren burua proban jarri eta erronka egiteko ekimena>> izatea, antolatzaileen esanetan.

XXVII. edizioa da aurtengoa eta guztira 48 parte-hartzaile izango ditu, sei laguneko zortzi eskualdetako taldetan banatuta egongo direnak. Durangaldea izango da taldeetako bat, pasaden urtean irabazle suertatu zena, hain zuzen. Oraingoan Lea-Artibai-ko gazteen aurka arituko dira bihar Markina-Xemeingo Kultur Aretoan, goizeko 10.30etan.

Mungian jokatu zen saioarekin abiatu zen pasaden ostegunean aurtengo txapelketa. Guztira lau kanporaketa-saio egongo dira, Igorren ospatu zena eta gaur Zallan ospatuko dena gehituz. Finalaurrekoak Deustun eta Sopelan izango dira, martxoaren 27an eta 28an hurrenez hurren, eta final handia apirilaren 3an izango da Bilboko BBK Salan. Aurreko urteen antzera, sariketan Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eta Ikastolen Elkarteko Bertsolaritza atalaren laguntza izango da.

Temas

Durango