Eskualdeko hiru taldek hartuko dute parte Bizkaiko Taldekako Txapelketetan

Cristina Mardaras eta Txaber Altube aurreko Taldekakoen txapelketan. / BERTSOZALE
Cristina Mardaras eta Txaber Altube aurreko Taldekakoen txapelketan. / BERTSOZALE

Durango, Abadiño, Berriz eta Elorrioko hogeita bat bertsolarik ordezkatuko dute Durangaldea igande honetan hasiko den lehiaketan

NAHIKARI CAYADO DURANGO.

Durangaldeko eskualdean bertsoari maila altua dagoela ikusi zen pasaden urtean ospatutako Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Ondo baino hobeto aritu baziren ere, ezin izan zuten txapela eskualdera gerturatu. Orain, aukera berria daukate zonaldeko bertsozaleek, izan ere, bigarren urtez, Bizkaiko Taldekako Txapelketa antolatu du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak.

Probintziako eskualde guztietako ordezkariak arituko dira bertso eskolak eta eskualdeak indartu nahi dituen egitasmo honetan. Igandean hasiko da lehenengo fasea eta 21 talde lehiatuko dira bertan, 200 bertsolari guztira. Horietako zazpi sailkatuko dira bigarren faserako, eta hiru izango dira maiatzean finala jokatuko dutenak.

Hiru hain zuzen, durangaldea ordezkatuko duten taldeak ere. Iurretako Tronperrieta taldekoak izango dira lehenengoak, igandean arratsaldeko bostetan, Algortan lehiatuko direnak. Eneko Abasolo 'Abarkas', Ander Sarriugarte, Unai Iturriaga, Juan Mari Areitio, Gorka Pagonabarraga, Erika Lagoma, Ander Elorriaga, Iker Maguregi eta Leire Vargas izango dira parte-hartzaileak.

Bestetik, Koipelustre's tade abadiñarra martxoaren 17an arituko da, Gernikan. Aitor Bizkarra, Txaber Altube, Bittor Altube, Ainhoa Urien, Beñat Gaztelurrutia, Igor Galarza, Jon Zialzeta, Ione Narbaiza bertsolariez osatuta dagoena.

Azkenik, Berriztik eta Elorriotik datoz Miotako Bidelapurrak taldeko kideak diren Miren Amuriza, Ibai Guridi, Amaia Ugalde, Iruri Altzerreka, Gorka Lazkano eta Joxe Garaizabal. Hauek martxoaren 23an igoko dira oholtza gainera, Igorren ospatuko den lehiaketan.

Talde bakoitzak epaile bat edukiko du kanporaketa bakoitzean. Horrez gain, publikoaren iritzia ere kontuan hartuko da. Beraz, denen artean erabaki beharko dute lehiatuko diren hiru taldeetatik, zeinek egingo duen aurrera txapelketan.

Izan ere, Taldekakoa giro informalean eta jai-giroan gauzatzea da helburua. Bizkaiko Bertsozale Elkartearen esanetan, «batez ere, bertsolari hasi berriei plazarako idea erraztea, eta arrazoi desberdinengatik ohiko txapelketan parte hartzeko motibaziorik ez daukatenei aukera desberdin bat eskaintzea» da Taldekakoaren funtsa.

Temas

Durango