Durangaldeak 'Klika' egin du

Durangoko ikastetxeetako ikasleek euskeraren alde egin zuten atzo Korrika Txikian. / Y. RUIZ
Durangoko ikastetxeetako ikasleek euskeraren alde egin zuten atzo Korrika Txikian. / Y. RUIZ

HaurreK motorrak berotu zituzten atzo, gaur arratsaldean Zaldibartik sartuko den Korrika nagusirako

NAHIKARI CAYADO DURANGO.

Gogo biziz hartu du Durangaldeak Korrika. Atzoko protagonistak haurrak Korrika Txikiarekin izan baziren ere, gaurkoa izango da egun handia. Bertako eskoletako ikasle guztiek herrietako kalean zeharkatu zituzten arin-arin eta emozioz erabat koloretsua izan zen euskararen aldeko lasterketan. Gaur arratsaldean aldiz, Korrika handiaren txanda izango da eskualdean. Zaldibartik egingo du agerraldia 16.20ak aldera.

Ordu laurden geroago Berrizera abiatuko da zuzenean (16.35) ondoren Elorriora bidea hartzeko (16.56). Atxondoko auzoa atzean utzita, Abadiñora 18.20-etan helduko da eta ordu erdi geroago aldiz, Durangora. Lekukoa hartuko dutenen artean, Madalenan, Neskutz Rodriguez, Herriaren Eskubidearen zerrendako bigarrena, egongo da. Alde zaharrean berriz, DRT-ko emakumeek, Estibaliz Uriartek eta Iratxe Azpiartek, hartuko dute erreleboa. Zorioneko daude aurten neskak talde femeninoaren 30.urteurrena ospatzen baitute. Ospakizun eguna gaurkoa ere Berbaro Euskara Elkartzearentzat, Landako Etorbidean lekukoa hartuko baitu Maite Agirrek, sorrerako bazkideak, elkartearen hogeita hamar urteen omenez ere. Eskuz esku Korrikaren lekukoa Iurretara helduko da 19.30etan. Behin Arriandi zeharkatuta, Amorebietako bidea hartuko du martxak bertara zortzietan heltzeko.

Baina gaurko eguna korrikaz haratago doa eta hamaika ekitaldi antolatu dira eskualdean euskara bultzatzeko. Durangon esaterako, eguerditik aurrera kale animazioa izango da Txiri-txiri txarangaren eskutik. 14.30-etan bazkaria ospatuko da Plateruenan, ondoren, jai giroak jarraituko du egun osoan zehar. Seietan, DJ Lorontzik motorrak berotuko ditu lasterka hasi baino aurretik Intxaurre Herriko Tabernan. Behin martxa bukatuta, festak Karropoteo musikatuarekin jarraituko du.

Musika eta jai giroa

Amorebietan talo artean hasiko dute eguna. 13.00ak eta 16.00ak bitartean banatuko dituzte Euskal Herrian plazan. Arratsaldeko zapietatik aurrera, Luis Urrengoetxea kalean elektrotxarangaren erritmoan arituko dira gaueko 22.30-etara arte. Bertoko bi egoitzetako -IMQ Igurco Orue eta José Mª Azkuna- adinekoek ere Korrikan parte hartuko dute elkarrekin.

Korrikak Berriz zeharkatu ostean hasiko dira ekimenak elizatean. Arratsaldeko seietan diskorrika ospatuko da Olakueta plazan. Ondoren, poteo giroan barneratuko dira herritarrak, gaualdean aldiz, DJ Ainhoak berotuko du giroa frontoian. Paella lehiaketarekin egingo diote harrera Korrikari Iurretan. 14.30-etan bazkaria ospatuko ondoren, arratsalde osoan zehar eta Korrikak herria zeharkatu arte, musika eta jai-giroan murgildutako egongo dira iurretarrak.

Abadiñon eguerdian hasiko den poteoaren ondoren maleta sikua ospatuko da 14.00-etan, Probalekuan. Bazkalostean bingo musikala jokaruko da eta korrika egin ondoren, Nafarroa Kanta Taldearekin amaituko da eguna. Elorrion Erreka Kalearen jaietan murgilduta emango diote ongi etorria Korrikari. 15.00etan argazki herrikoia atera ostean, Korrikako abestiaren dantza egingo dute. Zaldibarren umeentzako disko-festa bat antolatu dute udaletxearen aurrean martxaren ondoren jai giroan jarraitzeko, baina aurretik, 14.30etan, DJ Pakirekin Gaztetxetik jaitsiera ospatuko dute. Musikarekin amaituko dute eguna, 'Sakatu' elektrotxarangaren eskutik.

Temas

Durango