Bizkaiko Bertsolarien jaia ospatuko da larunbatean Abadiñon

N. CAYADO DURANGO.

Bertsolaritzaren egoitzan bilakatuko da Abadiñoko herria datorren larunbatean, izan ere, egun osoan zehar, Bizkaiko Bertsolaritzaren jaia ospatuko da probalekuan, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak antolatuta.

Eskolarteko finalarekin hasiko dute eguna, idatzizko probarekin, 10.00etan, hain zuzen ere. Bizkaia osoko 150 gazte inguru batuko ditu ume eta gaztetxoak bertsolaritzara erakarri nahi dituen proba honek.

Ondoren, 11.30etan, eskolarteko bat-bateko finalari ekingo diote. Bertan zortzi bertsolari gazte arituko dira oholtza gainean: Ander Sarriugarte durangarra, Bittor Altube abadiñarra, Amaiur Atxa, Janire Arrizabala, Maider Altuna, Maite Sarasola eta Peio Lago izango dira parte-hartzaileak.

Eguerdian bazkari herrikoia izango dute lehiakideek, eta eguna borobiltzeko, arratsaldean, Taldekako finala izango da, 17.00etan hasita. Berriz eta Elorrioko 'Miotako bidelapurrak', Durango eta Iurretako 'Tronperrieta' eta Abadiñoko 'Koipelustre's' taldeak lehiatuko dira bertan. 21 taldek hartu zuten parte txapelketa honetan, guztira 200 bertsolarik, eta azkenik, durangaldeko eskualdeko hiru talde hauek izan dira finalera sailkatu direnak.