Berbaro, 30 urte Durango euskalduntzen

Haurrak Txoborro magoaren ikuskizunaz gozatzen Plateruena. / BERBARO
Haurrak Txoborro magoaren ikuskizunaz gozatzen Plateruena. / BERBARO

«Tamalez, argi dago herrian oraindik lehenengo hizkuntza gaztelera dela», dio elkarteko kudeatzailea den Markel Sanchezek

DURANGO.

Baadira hogeita hamar urte Berbaro Elkartea Durangoko herria euskalduntzen hasi zenetik. Hiru hamarkada euskara sustatzeko ekintza ugari egiten hasi zirenetik. Aurten, zorioneko daude urteotan elkarteak lortutako arrakastekin, baina hala ere, helburua lortzeko bide luzea egiteko dagoelakoaren jakitun daude durangarrak.

«Berbaroren filosofia eta helburuak ez dira aldatu. Guk lan asko egin arren, oraindik ibilbide luzea daukagu aurretik», azpimarratzen du Elkarteko kudeatzailea den, Markel Sanchezek. Dioenez, kideek ez dute atzera begiratu nahi, etorkizunerako lanean baitabiltza euskara gizarteko esparru guztietara heltzeko. «Tamalez, argi dago herriko lehenengo hizkuntza gaztelera dela, eta euskara bigarren tokian kokatzen duela gehiengoak, edo arlo batzuetan bakarrik erabiltzen dutela», adierazten du. Zentzu horretan, 'Ez gara menpeko perpausa' leloa zabalduko dute euskararen garrantzia lau haizetara plazaratzeko asmoz.

Hala ere, urteurren hau ez litzateke bera izango Berbarok hainbat lorpen lortu izango ez balitu. Haur eta gaztetxoi euskarazko aisialdi eskaintza martxa jarri zuten, gaur egun bizirik mantentzen duten proposamena. Urteak igaro ahala, Santa Ana ondoan taberna bat irekitzea lortu zuten, finantzazio iturri modura. Laster txiki geratu zen bazkideen bilgune eta euskarazko kultur ekintzen topagunea zena. Horregatik, hamar urte geroago, Plateruena Kafe Antzokiaren sorrera bultzatu zuten, egun Euskal Herri mailan erreferentea dena. Eskualdeko euskarazko lehenengo aldizkaria argitaratu zuten ere, 1993ko apirilean, Eraz izenekoa eta denborarekin Anboton bilakatuko zena.

Bazkidez osatutako elkartea da Berbaro eta elkarlanean sinesten dute. Horregatik, herritarrekin eta bestelako erakundeekin batera lan egiteko konpromisoa daukatela plazaratzen dute. Ildo horretan, gaur, Durangoko udaletxeko euskara zerbitzua kudeatzen dute, baita eskualdeko Mankomunitateko Euskara Saila ere. «Geroz eta pisu gehiago duen elkartea gara, euskara herri osoan zehar zabaltzea nahi duguna», dio Sanchezek.

Argazki erakusketa

Ekinean jarraituko dute, baina aurretik, larunbatean, festa giroan ospatuko dute hogeita hamargarren urtebetetzea. Egun osoko egitaraua antolatu dute horretarako. Eguerdian, 12.30etan hain zuzen ere, bertso-poteo batekin hasiko dute larunbata. Santa Anatik hasita, alde zaharrean zehar, bederatzi bertsolarik girotuko dituzte Durangoko kaleak. Kantatuko dutenen artean, Bittor Altube, Gorka Pagonabarraga, Leire Vargas edo Unai Iturriaga arituko dira, besteak beste.

Ondoren, 15.00etan, bazkari herrikoia egingo dute Plateruenean. Bazkalostean, eta Markelek berak, kudeatzaile moduan, Berbaroren ibilbidearen inguruan hitz batzuk esan ostean, 'Ez gara menpeko perpausak' antzezlana egongo da ikusgai. Arratsaldean aldiz, seietatik aurrera, poteoan amaituko dute eguna Txirimoya Sound-ek girotuta. «Euskaltzale denok batuko gara Berbaroren ibilaldia ospatzeko eta etorkizunera begiratzen jarraitzeko, hortik gure leloa: Geroa aldean», dio Berbaroko kideak. Ekintza hauetaz gain, argazki erakusketa bat antolatu dute egun hauetan Plateruenean.

Temas

Durango