Atxondoko eta Mañariako liburutegiek euskal irakurzaletasuna bultzatuko dute

NAHIKARI CAYADO ATXONDO.

'Irakurri, Gozatu, Oparitu'. Hiru hitz hauek hizpide dituen literatura egitasmoa bueltan da Euskal Herriko liburutegietan. Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako hamahirugarren edizioa da aurtengoa eta durangaldeko eskualdeetako bi herrietan ospatuko da, Atxondon eta Mañarian hain zuzen.

Jendea euskarazko liburuak irakurtzera animatzeaz gain, egitasmoak liburuak elkarri oparitzea edo trukatzea ere proposatzen du, harremanak lantzeko praktika gisa. Aurreko edizioetan frogatu da, antolatzaileen esanetan, kanpainak «eragin positiboa» izan duela herritarren herriko liburutegian egiten duten euskarazko liburuen mailegu kopuruan.

Haatik, egitasmoaren helburuetariko bat horixe da, euskaldunak liburutegi publikoen erabiltzaile bihurtzea. Era berean, uste dute ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina kontuan hartzekoa dela.

Kanpainaren izenak berak argi adierazten du: 'Irakurri, Gozatu, Oparitu'. Hiru pauso hauek emanda nahikoa da ekimenean parte hartzeko. Lehenengo urratsa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako herriko liburutegi publikoan liburuak maileguan eskatzeko gomendatzen dute antolatzaileek.

Zozketak eta deskontuak

Behin liburua irakurrita, eta bere tokira itzulita, fitxa erraz bat bete beharko da. Bertan, liburuaren izenburua eta iritzia adieraziz. Ondoren, liburuzainak erosketa-txekea emango dute, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko. Azken pausua, liburua oparitzea.

Aipatutako txeke horrek euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko balioko du. Gainera, apirila eta maiatza bukaeran, liburutegi bakoitzean 30 euroko balioa duen txeke baten zozketa egingo da egitasmoan parte hartuko duten irakurleen artean.

Temas

Atxondo