Asteburu kulturala Sorginolan jolas literario eta antzezlanen bitartez

NAHIKARI CAYADO DURANGO.

Iazko arrakastaren ondoren, Durangoko Sorginola ateneoko kideek '24 ordu paperean' jolas literarioa antolatu dute berriz ere. Lehiaketa larunbatean hasiko da, eguerdiko 12:00etan, eta hurrengo eguneko ordu berean amaituko da. Ekimen honetan parte hartuko duten sortzaileek 24 orduko epea izango dute beraien testuak eratzeko. Gai konkretu baten ingurukoak izan beharko dira, eta hitz jakin bat sartu beharko dute bertan, larunbat eguerdian sare sozialen bidez antolatzaileek jakinaraziko dituztenak. Behin biak jakinda, parte hartzaileek beraien lanak sorginolakoateneoa@gmail.com helbidera bidali beharko dituzte igande eguerdia baino lehen.

Jolasak ekainean plazaratuko den 'Berbaz' sorkuntza aldizkariari erantzuten dio, sortutako lanak bertan argitaratuko baitira. Aurtengoa bigarren alea izango da eta edukiari dagokionean berritasun batzuk izango ditu.

Bestetik, larunbat arratsalderako Mikroantzerki maratoia antolatu dute Sorginola gaztetxean. Arratsaldeko zortzietan hasita, lau antzezlan ikusteko aukera izango da. 'Oaxaca en dos', Saregaba antzerki taldearena, 'Jornadas marianas', Biri Terdi-rena, Atara Zarataren 'Erreginak' lanaren estreinaldia,eta azkenik, Cecilia Paganini-ren 'Lolipop' ikuskizuna.

Temas

Durango