Abadiñok euskararen zuhaitza landatuko du Muntsaratzen gaur

Euskararen egunaren harira, Berrizek bertso saio musikatua antolatu du bihar eguerdirako

NAHIKARI CAYADO ABADIÑO.

Ate joka dugu abenduaren 3a, Euskararen Eguna. Gure hizkuntzaren oihartzuna eskualdeko txoko guztietan entzuten ari da Euskaraldiaren baitan eta ekimenari agur esateko, hainbat ekintza antolatu dituzte asteburu osoan zehar Abadiñoko herrian. Modu osasuntsuan hasiko dute Euskararen Asteburua eleizatean. Goizeko 11.00etan Muntsaratzeko Merenderoan topaketara deitu dute bertan euskararen zuhaitza landatzeko asmoarekin, eta ondoren, Abadiñoko txoko guztiak zeharkatuko dituzte ibilaldi batekin. Bi ordu geroago, Errota Kultur Etxean postal eta argazki erakusketaren sari banaketa ospatuko da. Arratsaldean aldiz, Orkresta elektrotxarangak dantzan jarriko ditu Abadiñoko bizilagunak Zelaietako Txanporta Plazatik hasita 18.00etan.

Bihar arratsaldeko lauetan familia ikuskizuna egongo da Behibis taldearen eskutik. Ikuslea harritzeaz gain, pentsatzera eta hausnartzera eramaten duen txotxongilo antzezlana izango da hau. Ekitaldiaz gozatu nahi duenak, udal medietaketan eskuratu ahal izango ditu sarrerak. Bestetik, 17.30etan, herri kirolak izango dira ikusgai Traña-Matienako frontoian. Aldi berean, txokolate beroa dastatzeko aukera izango da euro baten truke.

Astelehenean kantuak eta dantzak izango dira protagonistak Zelaietan. Hamarretan hasi, eta bi orduz, etengabe arituko dira bertako eskolako ikasleak euskarazko abestiak interpretatzen auzo osoan zehar. Arratsaldean aldiz, gaztañerrea ospatuko dute eskolako jaialdiaren baitan. Ondoren, Traña-Matienako frontoiak musika eta dantza ikuskizunak eskainiko ditu bostetatik aurrera. Ordu bete geroago, 'Abadiñoko Ahotsak' proiektua aurkeztuko da Errota Kultur Etxean. Herriko nagusien ahotik bertako ahozko ondarea jasotzen du programa honek. Antzinako ohiturak, lanbideak, bizimodua, sinesmenak eta abar dira grabazioetan aipatzen diren gaietako batzuk.

Euskararen egunaren harira eta Euskaraldiari amaiera emateko asmoz, 'Ez da kasualitatea' bertso saio musikatua antolatu dute Berrizen bihar. Miren Amuriza, Alaia Martin, Onintza Enbeitia eta Maddalen Arzallus bertsolariak izango dira protagonistak eguerdian kultur etxean ospatuko den ekintzan.

Lau bertsolariekin batera arituko dira Gari Otamendi biolin jolea eta Araitz Bizkai gitarra jolea ikuskizunari musika ukitua emanez. Gai jartzaile lanetan Maite Berriozabal arituko da.

 

Fotos

Vídeos