Surfaren lehen mailara itzultzen saiatuko da datorren urtean Aritz Aranburu

Aritz Aranburu, surflaria./
Aritz Aranburu, surflaria.

«Garrantzitsua da maila horretan egotea, beti baita atsegina onenen artean lehiatzea eta sekulakoa da hauek kanporatzea» azaldu du zarauztarrak

IZASKUN MOYANObilbao

Aritz Aranburu surflari zarauztarra munduko elitera itzultzen saiatuko da 2016. urtean. Aurrekoan «ilusioz beteriko denboraldia» amaitu zuen, munduko sailkapeneko 38. postua lortuta. Fadurako (Getxo, Bizkai) Kirol Teknifikazioko Zentrora egindako bisitaldian hala azaldu dio beka bidez laguntzen dion Basque Team fundazioari.

«2015eko balantzea oso positiboa da, 2014a World Championship Tour zirkuitura itzultzeko zorian amaitu ondoren». Zirkuitu alternatiboan lehiatu da zarauztarra, baina beste kirolari batzuen lesioak direla eta, kategoria goreneko zenbait txapelketatan parte hartzeko deitu diote. Zoritxarrez, gainontzekoek baino proba gutxiago zituen, beraz ezin izan zen lehiatu. «Garrantzitsua da hor egotea, beti baita atsegina onenen artean lehiatzea. Oso esperientzia ona izan da», azaldu du.

Abuztuan Tahitin jokatutako txapelketa izan zen unerik onenetako bat. «Oso gustuko» duen lehiaketa da, indar handiko olatuak egoten direlako bertan. Txanda pare bat maisuki burutu zituen, munduko titulua jokatzen ari ziren kirolari batzuk kanpoan utziz. «Uretan onenekin batera lehiatzea amets handia da, baina horietako batzuk gainditzea sekulakoa da», azpimarratu du.

Urtea munduko sailkapeneko 38. postuan amaitu du Aranburuk. Bere hitzetan, «ezin da postu hobea lortu, zirkuitua osatzen duten proben erdiak jokatzeko aukerarik izan ez dudan heinean». Dena den, noiz edo noiz, lesioengatik izandako bajak estaltzeko deitu dute. «Niretzat, rankingak ez zuen zentzu handirik aurten, eta ondorioz, nire ardura nagusia jardun ona egitea izan da parte hartu dudan txapelketa guztietan. Horren harira, oso pozik nago».

Hurrengo urtera begira, lehiatzeko «irrikitan» dagoela esan du, eta egutegi finkoagoa izango duela uste du. Beraz, «ahalik eta ahaleginik handiena» egingo du surfaren lehen mailan egoteko.

Lehen mailako surflaria

Aritz Aranburu (Zarautz, 1985-08-30) Europako bosgarren surflaria izan zen 2007an WCTra iristean. Ondorengo bi denboraldietan, olatuen kirolaren lehen mailan mantendu zen, munduko 45 surflari onenekin norgehiagokan. Aranburu profesionala da 2005etik, eta 2007an Europako Txapelketa irabazi ondoren, 2008an aintzatespen ugari jaso zuen; Eusko Jaurlaritzak urteko kirolaririk onenari ematen dion Euskadi Saria barne. Han-hemenka lortu dituen garaipenen artean, Kelly Slater munduko txapeldunari hamar aldiz gailendu izana nabarmentzen da.