Goenkaleren azkenengo eszena

Hasiera batean hiru edo lau hilabeteko lana izango zela uste zuten arren, Europako telesailik zaharrenen artean dago. 21 urte eta 3.707 atalen ostean, Boga tabernan sortutako istorioei behin betiko agurra eman zitzaien atzo

Goenkale, 1997. urtean./
Goenkale, 1997. urtean.
SILVIA CANTERA

Lehendabiziko atalak ez ziren WhatsApp bidez komentatzen, ezta sare sozialetan ere. Gutxi batzuek erabiltzen zuten gauza zen oraindik Internet. Lasa familiaren gorabeheren inguruan lagunartean aurrez aurre hitz egiten zen. Patriketan mugikorrik ez, eta tabletak txokolatezkoak baino ez ziren. 1994. urtean Kurt Kobainen gorpua aurkitu zuten eta Ayrton Sennak Imolan Tamburello izeneko bihurgunean hil zen. Apartheid-a amaitutzat eman zen Sudafrikan eta Nelson Mandela presidente izendatu zuten. Eurotunela estreinatzeaz gain, munduko futbol txapelketa AEBetan ospatu zen eta lehen neska-mutilak PlayStation batekin jolastu ziren. Duela 21 urteko argazkiak begiratzeak egundoko oroitzapenak ekartzen dizkigu gogora: irudi haietan agertzen diren asko gure bizitzetatik desagertu dira, ametsez beteriko nerabeak ginen, edo generaman arropa zatarkeria hutsa zela pentsatuko dugu. Zaila da nostalgiarik ez sentitzea 'Goenkale' telesailaren sorrera gogoratzerakoan. Baina bere bukaerari buruz mintzatzerakoan, sahiestezina da.

3.707 atalen ondoren, Arralden ernatutako hainbat istorioek agur esan zuten bart. Oraindik aurrera, Euskal Telebistako programarik garrantzitsuenari buruz hitz egiteko iragana erabili behar dugu. Bihartik aurrera, Euskal Telebistako programarik garrantzitsuenari buruz hitz egiteko iragana erabili behar izango dugu. 1994ko urriaren 3an Boga tabernaren berri jakin genuen lehendabizikoz. Orain, 1.854 emisio orduren ondoren, ikusleak betirako agurtzeko unea heldu da. «Kalean zenbait pertsonek esan didate 21 urtetan ez dutela atal bat bera ere galdu, bat bera ere ez! Zenbat telebista katetako programek esan dezakete horrelako zerbait? Oso hunkigarria da», dio Aitor Osak, azken denboraldietako zuzendariak. Hasieran egunero, eta gero astelehenero telebista aurrean batu dituen euskaldunek faltan botako dute, baita bere sorkuntza prozesuan parte hartu dutenek ere. «Bukaera oso tristea izan zen. Azkenengo aldiz platora joan ginenean oso momentu berezia izan zen. Une horretan benetako amaiera dela ulertu genuen. Ez zela berriz ere errepikatuko», dio Maite Duquek, hasieratik gidoilari taldean egondako langileak.

Itziar Ituñoren azken lan ezagunena Oscarretarako bidean egon da. Euskara Hollywoodera eraman duen pelikularen protagonista 'Goenkale'-n hasi zen. Bertan, hain zuzen ere, berarekin 'Loreak' grabatu duen Itziar Aizpuru ezagutu zuen. «Nire lehenengo eszena mendian izan zen, euria parra-parra. Manu Elizondorekin batera nengoen, oso urduri. Dardarka. Dena nire aurka zegoen: euria, kanpoko grabaketa eta sekuentzia komiko bat izan zen». Ituñok bere debuta atzo filmatu izan balu bezala gogoratzen du. «Grabatuta daukat eta ikusten dudan bakoitzean... Ai, ama! ze pinta, ze lotsa...», dio barrezka.

Barbara Goenaga, Gorka Otxoa, Aitor Luna edo Miren Ibargurenek, esaterako, beraien ibilbidea bertan hasi zuten ere. Guztira 500 aktoretik gora pasa dira antzezle euskaldunen harrobirik handiena bezala ezagututako telesailetik. Naroa Agirre pertikaria edo Iñaki Perurena harrijasotzailea ere bertan ikusteko aukera izan dugu. Arlo desberdinetako pertsona ospetsuek ere Arralde bisitatu dute: Karlos Arguiñano, Martín Berasategui, Juan Mari Arzak, Iñaki López, Julian Iantzi, Edurne Pasaban, Andoni Egaña, Juan Martínez de Irujo, Mikel Urdangarin... «Gidoilari, zuzendari, ekoizle, dekoratzaile, kameralari, argiztatzaile, errejidore eta beste askori lanpostu bat eman die telesailak. Polita da zurekin hasitako aktore batek arrakasta lortu duela ikustea», dio Duquek. «Hortik ia guztiok pasatu gara», azaldu du Ituñok.

'Goenkale' hasi zen garaiko gizarteak ez du zerikusirik gaur egungoarekin. Aldaketak aprobetxatu eta gidoietan erabili dituzte. «Askatasuna beti egon dela esango nuke, homosexualitatea eta drogen mundua adibidez, hasiera-hasieratik ikutu zen», dio Osak. Garai hartan emakumeen homosexualitatea ez zen oso arrunta, eta aurrerapauso bat ematea erabaki zuten. «Elkarte askoren deia jaso genuen horrelako kausen alde kanpaina egiteko», gogoratu du Duquek. Itziar Ituño eta Naroa Agirreren pertsonaien arteko maitasuna harresiak hausteko desio horren eredu ezinhobea da. Hori bai, familia osoa telebista aurrean batzeko helburua duen telesaila dela ez dute inoiz ahaztu. «Denontzako programa da. Gai guztiei buruz hitz egin genezake, baina kontu handiz ibili behar da», dio gidoilariak.

«Merezi zuen bukaera eman nahi genion»

Estatuko telesailik zaharrenari amaiera ematea ez da batere erraza. Erantzukizun handiko lana izan da. «Goenkaleri merezi zuen bukaera eman behar genion. Beraz, Bogari garrantzi berezia eman diogu. Pertsonaiek taberna defendatzen dute aktoreek telesaila defendatu nahi duten bezala», azaldu du Duquek. Osari momentu zailena aukeratzea ez zaio batere kostatzen: «Amaiera».

Azken eszenaren filmazioa benetan hunkigarria izan zen. Pertsonaia guztiak zeuden. Boga tabernan, nola ez. «Sentimenduak berez etorri ziren, antzeztearen beharra barik. Momentu horretan nire pertsonaiak ez zuen negar egin behar eta oso txarto pasatu nuen, egia esan. Kriston korapiloa neukan eztarrian», dio Ituñok. Izan ere, hamalau urte eman ditu Ertzaintzaren uniformea jantzita Nekaneren pertsonaiarena egiten. 'Moztu' hitza entzutakoan txalo zaparrada bat entzun zen, baina momenturik bereziena heltzear zegoen. «Amaitutakoan elurra egiten hasi zen. Falta zitzaiguna! Oso polita izan zen», dio aktore basauritarrak. «Momentu historiko bat bizitzen ari ginela sentitu genuen», gehitu du zuzendariak.

Maite Duqueri bere pertsonaiarik kutunena aukeratzea izugarri kostatzen zaio. Segundu batzuk pasa ondoren, Leonor aipatzera ausartu da. «Pixkanaka hazi zen eta gero eta garrantzia handiagoa lortu zuen Lasa familian», arrazoitu du. Hori bai, ikusleei galdetuz gero, Maria Luisa da izenik errepikatuena. Bere heriotza unerik gogorrena izan zen eta urteak pasa diren arren, euskaldunek ez dute Bogako nagusia zena ahaztu.

Atal bakoitzaren atzean pantailan ikusten ez diren pertsona askoren lana egon da. Gidoilarien prozesuak konkretuki hainbat bitxikeria zituen. «Telebistan ikusten dudanean ez dut ulertzeko arazorik; sorkuntza prozesuan parte hartu dudalako, baina ez naiz euskaraz ondo moldatzen», aitortu du Duquek. Hasiera batean istorioak asmatzen zituzten eta geroxeago zehazki Tania, Hodei edo Asunek esango zutena beste batzuk idazten zuten. «Gehiagotan honela egin dugu lan, hizkuntza bitan», azaldu du.

Hori bai, euskal hizkuntzaren aldarrikapenean garrantzia handia izan du 'Goenkale'-k. Europako telesailik luzeenen artean egongo da betirako eta gaur egungo telebistaren kontsumo arina kontuan hartuta, ia errepikatu ezin den fenomeno baten aurrean gaudela esan daiteke. «Euskarazko fikzioan garrantzi handiko papera bete du eta fideltasun handiko jendea egon da atzean -dio Osak-. Ez dut uste 'Goenkale' bezalako ezer egongo denik, baina nork daki. Hasi zenean, hiru edo lau hilabetetako lana izango zela uste zuten eta begira».

Filmazioak otsailean amaitu ziren eta orduko besarkada eta agurren ostean, bakoitzak bere bidea jarraitu behar izan du. ETB1-ek barne. Kate publikoak fikzio berriengatik apostua egin du. Hori bai, nostalgikoek argi izango dute beti 'Goenkale' kale baten izena baino askoz gehiago dela.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos