Borrar
Urgente En directo, Bilbao Basket-Gran Canaria
Txantxangorriaren udako abestia Donostian aurkeztu zen.

Txantxangorriaren txioa

Erakundeetako eta euskaltegi eta barnetegietako ordezkariek Txantxangorriaren udako abestia aurkeztu dute

elcorreo.com

Viernes, 17 de junio 2016, 00:47

Negu betean aurkeztu bazuten ere, orain dela sei hilabete sortutako Euskararen Txantxangorriak badu udako lumajerik. Horixe erakutsi du alegia ostegun honetan Donostiako Miramar jauregian, eguna uda-udakoa izan ez badu ere. Euskararen Txantxangorriaren hegalpean, hain zuzen, udako eskaintza berezia aurkeztu dute euskaltegi eta barnetegiek. Han izan dira Udal Euskaltegiak, Batuz, IKA, AEK eta Elkarlan, baita Maizpide eta Zornotza barnetegiak ere. Haien ondoan, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Joseba Erkizia HABEko zuzendari nagusiar eta, Txantxangorriaren ekimena bideratzen duen HAKOBAren (hizkuntza politika gaietarako Herri Administrazioen Koordinazio Batzordeak) izenean, Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua eta Mikel Irizar, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria. Euskaltegietako ordezkariek Txantxangorriarekin bat egin eta euren udako eskaintzaren berri eman dute. HAKOBAko kideek, berriz, Euskararen Txantxangorriaren abestia aurkeztu dute. Abestiaren egileak Sorotan Bele musika taldearen partaide izan ziren Urbil Artola eta Gorka Sarriegi izan dira, Dani Venegas musikariarekin batera.

Hiru gonbidatu berezi izan dira, halaber, ekitaldian: Athletic futbol taldeko Amaia Olabarrieta, Real Sociedad futbol taldeko Leyre Fernandez eta, bertan izan ez bada ere, Dani Alvarez kazetaria. Euskara ikasterakoan izandako esperientziak partekatu nahi izan dituzte kirolariek eta kazetariak. «Nik euskara gutxi dakit. Ulertu bai, baina hitz egitea gehiago kostatzen zait. Euskaltegian izena eman dut euskarazko elkarrizketetan normal-normal sartzeko. Ni ikusten nautenean hizkuntzaz ez aldatzeko, alegia», esan du Realeko jokalariak. Dani Alvarez ere «euskalduntze prozesuan erabat murgilduta» dago eta oso pozik, egia esan. Nik ere euskaraz bizi nahi dut». Beste era bateko esperientzia kontatu du Athletic-eko jokalari Amaia Olabarrietak: «Ni euskaldun zaharra naiz baina hainbeste urtez nire ikasketak gaztelaniaz burutu izanagatik idazteko ohitura pixka bat galdu nuen. Honegatik eman dut izena euskaltegian».

Denentzako aukerak

Euren testigantza partekatu duten hiru horiek bezala, arrazoi desberdinek bultzatuta milaka lagunek eman ohi dute izena euskaltegietan. Neguan edota udan. Euskaltegian edo barnetegian. Bertatik bertara edo internet bidez. Gogoratu dutenez, alegia, «gaur egun, euskara modu askotan ikasi daiteke eta, dauden aukera ezberdinei esker, gero eta jende gehiago animatzen da euskaltegi edota barnetegietan izena ematera. Bi multzotan banatu daitezke aukerak: negukoak, alde batetik, eta udakoak, bestetik».

Negukoak, aski ezagunak izateaz gain, aurreragorako utzi beharko dira uda hastear den honetan. Udan neguan dauden aukera berdinak aurkituko ditu ikasleak. Ikastaro trinko eta laburrak izango ditu. Baita barnetegi arruntak ere. Udan zehar, baina, barnetegi bereziek hartzen dute protagonismo handiena. «Urteek aurrera egin ahala gero eta eskaintza zabalagoa eskaintzea bilatzen da eta aurten bada aukera zabal eta interesgarri bat», esan dute. Badaude familia barnetegiak, barnetegi ibiltariak, jai-giroari lotuak... Denetarik eta denentzako, hemen ikus daitekeen moduan.

«Gaur harreman eta konplizitate eder eta pozgarri baten berri eman nahi dizuegu: euskaltegiek euskararen txantxangorriarekin bat egin nahi izan dute, eta txantxangorriak euskaltegiekin. Elkarri hegoak eman nahi dizkiote, gure hizkuntzaren hegaldia ederragoa, oparoagoa, luzeagoa izan dadin», esan du Patxi Baztarrikak, askorentzat uda euskara ikasteko une aproposa dela gogoratuz.

«Joan den urtean 5.000 pertsonak baino gehiagok eman zuten izena udako euskaltegi edo barnetegiren batean. Urtero mantentzen den kopurua da. Eta hau, urte osoko matrikulazioari lotuta, berri aparta da. Euskaltegientzat pozezko albiste, txantxangorriarentzat alpiste. Izan ere, hiztun berriak lortzea euskarari hegoak ematea da», gehitu du sailburuordeak. Ez dut esango euskara ikasteak inoren bizitza goitik behera aldatuko duenik, halako kasuak ere izan dira baina. Hanka sartzeko beldurrik gabe esan dezaket, ordea, biztanle horren bizia osotu, edertu, aberastu egingo duela», bukatu du sailburuordeak.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Txantxangorriaren txioa

Txantxangorriaren txioa