Borrar
Pello Añorga idazlea.
«Beldurra gainditzeko, aurre egin behar diogu»

«Beldurra gainditzeko, aurre egin behar diogu»

Pello Añorgak ausardiari buruzko istorioa ekarri du, iaz Etxepare saria irabazi zuen 'Munstroek ere pixa egiten dute ohean' liburuan. Jokin Mitxelenak ilustrazio lanetan laguntzen dio

virginia enebral

Domingo, 24 de enero 2016, 00:23

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

'Munstram-munstrom-munstrum' hitz magikoak esanez, Pello Añorgak Valentina deitutako neska ausarta baten istorioan murgiltzen gaitu. Abentura honetan Zarpatzio, Kankailu, Zimazu, Zakartzio, Ziprizto eta Beremundo munstroak lagun izango ditugu. Eta guztion artean mamuak garaituko ditugu. «Beldurra ez da saihestu behar, gainditzeko aurre egin behar diogu», onartzen du Añorgak. 'Munstroek ere pixa egiten dute ohean' iaz Etxepare saria irabazi zuen liburu poetikoa eta samurra da.

Zergatik erabaki zenuen Maurice Sendak idatzitako 'Piztiak bizi diren lekuan' egokitzea?

Nire liburu kutunetariko bat da eta, haur literaturan, erreferentzia. Konbentzio guztiak hautsi eta psikean barneratu zen, horregatik obra madarikatua izan zen. Halere, haurrek bereganatu egin zuten eta 'bestseller' bihurtu zen. Bestalde, nik betidanik landu dut beldurra. Izua bide, gerra beldurgarriak sortzen dira eta mila gertakarien arrazoi ezkutua ere bada. Hemen, Sendaken liburuan ez bezala, Valentina munstroen lurraldean sartzen da gauero bere mamuak gainditzeko. Dibertigarria eta aldi berean katartikoa izan daitekeen bidaia da.

Obrak dakarren mezua, helduentzat ere baliagarria izan liteke?

Haurrengan pentsatuta idatzi dut, baina gurasoengan ere bai. Liburuan gurasoak jarrera nahiko pasiboan agertzen dira, ez dira konturatzen Valentinak gauarekin daukan hizkera. Iluntasunean inkontzientea loratzen da eta helduek ezin dutena egin, panpinek edo munstroek egiten dute, baina bere mamuak ezagutzeko beraiekin egon behar dugu.

Zein munstruori die beldur Pello Añorgak?

Gaurko gizartean egundoko munstroak daude, handienetariko batzuk entzuten ez dakitenak dira. Guk sortzen ditugu besteak gainditzeko beldurtuta gaudelako, eta gainera, gure irudira sortzen ditugu geure burua zuritzeko. Ez dira inoiz asetzen. Eguneroko bizitzan topo egiten dugu: politikan, prentsan Norberak izenda ditzala. Izugarria den beste munstroa kontsumismoa da. Oso jatorra da, baina beldurra diot, miseria sortzen baitu munduan. Eta horrelakoak, beste hainbeste.

'Munstroek ere pixa egiten dute ohean' ulertezina izango litzateke Jokin Mitxelenak egindako sortze-ekarpenarik gabe. Bere irudietan argiarekin jolasten du bi munduak elkartzeko: ametsak eta errealitatea, argitasuna eta iluntasuna. «Konfidantza ez ezik, konplizitatea ere badugu elkarrengan eta hitz gutxirekin moldatzen gara. Nik pentsatzen ez nuena berak jarri du. Hitzak eragiten dio ilustrazioari, baita ilustrazioak hitzari ere. Albuma da, beraz, testuak marrazkiak beste garrantzia du eta batek esaten ez duena, bestea haruntzago doa. Irudi iradokitzaileak dira. Garrantzitsua da joko hori: zer adierazi, zer ezkutatu, dena egina eman beharrean irakurleak berak imajina dezan», adierazten du Añorgak.

Zein dira haur liburu baten derrigorrezko osagaiak?

Garrantzitsuena hunkitzea da. Idazteko zirrara sentitu behar dut eta handik abiatuta, nire barruko haurrarekin konektatzen saiatzen naiz. Erritmoa haurrentzako aproposa da, baina helduei ere keinu egiten diet. Gero ipuina ondo eraiki behar da. Pertsonajea unibertso zehatz batean kokatzen baduzu, hori kontuan hartu eta ez erabili titere moduan zure interesetarako. Hau da, hain zuzen ere, haur literaturaren bekatu handienetariko bat. Unibertsoa bere begietatik begiratu behar da, berdin da zuhaitza, txoria edo monstrua bada eta hauxe da benetako erronka.

Begiratzeko modua berreskuratu behar al da?

Haur literaturan irudi erraz baten bitartez gai zailak uki daitezke. Ez da konplexutasunik behar, begirada tolesgabea, gardena, bakuna, sinplea, ez sinplista. Irudi baten bidez erakusteko: jaiotzerakoan eta lehenengo urteetan ur emozional batean bizi gara, dena zirraragarria da; baina bat-batean hortik ateratzen gara eta lehortzen goaz, eta gurekin, kontzeptuak eta mundua ere bai. Harritzeko ahalmena galtzen dugu. Halere, nik mundu lehor horretatik mundu emozional batera itzultzean sinesten dut eta hori da nire erronketariko bat.

Protagonistak ematen dizu istorioa edo aldez aurretik erabakita daukazu?

Kasu batzuetan batak edo besteak izan behar du; beste batzuetan, berdin da. Istorio honetan protagonista ausarta behar nuen eta betidanik mutilei egokitzen zaien ezaugarria da; hortaz, neska jartzea erabaki nuen. Mutikoa jarri izan banu, kontakizunak berdin funtzionatuko zukeen, baina zergatik haiek beti? Ba, neska ta kito, haiek ausartak ere baitira.

30 urte baino gehiago daramatzazu ipuinak idazten. Zein izan da zure bilakaera?

Hasi nintzenean literatura ihesbide moduan erabili nuen, hortaz, fantasia eta aire asko zuten nire ipuinek; ez zeuden lurrean, alegia. Hortik aurrera prozesu bat egon zen, hots, aire eta ura galdu gabe, lurrean egoten saiatu nintzen. Gaur egun elementu guztiek osatzen dituzte irudiak: airea, ura, lurra eta sua. Edo beste modura esanda: badakit zer den hegan egitea, emozioa ere ezagutzen dut, baita konkretua izaten ere eta, azkenik, kemena eta indarra ere landu dut azken urteetan. Ziurtasun handiagorekin hitz egiten dut, baita hauskortasunarekin ere, ikuspegi zabalagoa dut, eta baretasun, maitasun, samurtasun handiago ere bai. Hitz batez, bizitzarekin adiskidetu naiz.

Liburuaren azala zabaltzen den unetik itxi arte, Etxepare saria jaso zuen obra zolitasunez gainezka dago. Ozenki irakurtzeko istorioa da, zalantzarik gabe. «Belarriari jaramon eginez idazten dut; hortaz, hitzei musikaltasuna eman nien, konjurua egiteko erabiliko baitira», azaltzen du Añorgak. «Zarpatzio, Kankailu, Zimazu, Zakartzio, Ziprizto, Beremundo», deklamatzen ditu poesia balitz bezala. «Testua ahozkora hurbiltzen da, horregatik oso egokia da ahots ozenez kontatzeko».

Nortzuk dira zorrotzagoak, irakurle helduak edo haurrak?

Haurrengana edo helduengana berdin iristen da, komunikazioak ez dauka adinik. Armiarma bezala amarauna egiten duzu eta, istorioan zehar, norbait liratuta harrapatuta geratzen da. Batzuetan haurra, batzuetan heldua. Beste batzuetan biak. Haurrengana ailegatzeko harritzeko ahalmena ez da galdu behar. Haien erreakzioei adi egon, entzun eta gardentasunez begiratu behar zaie. Gainera, ez da aldi bateko kontua, egunerokoa baizik. Helduek, ordea, maskara dakargu; halere, gardentasunarekin berdin-berdin iristen zaie.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios