Aby Warburgen 'Sandro Botticelliren Venusen jaiotza eta Udaberria' liburua euskaraz argitaratu dute

Itzulpenaren egilea Iraitz Urkulo izan da, eta liburuak Ismael Manterolaren hitzaurrea eta Rafael Garciaren sarrera ditu

EUROPA PRESSbilbo

Aby Warburg arte historialariak idatzitako 'Sandro Botticelliren Venusen jaiotza eta Udaberria' liburua euskaraz kaleratu du Sans Soleil argitaletxeak, Txinpartak sailaren baitan. Itzulpenaren egilea Iraitz Urkulo izan da, eta liburuak Ismael Manterolaren hitzaurrea eta Rafael Garciaren sarrera ditu, argitaletxeak jakinarazi duenez.

Aby Warburg (1866-1929) arte historialari ospetsua da irudien ikerketarako garatu zituen planteamendu teorikoen originaltasunagatik, eta beranduago Erwin Panofskyk edo E.H. Gombrichek ezagutzera emango zuten eskola ikonologikoaren sortzailetzat hartua izan da.

Orain, lehenbiziko aldiz, ikerlari honen oinarrizko testuetako bat euskaraz irakur daiteke. Gainera, edizio honek Warburgek erabilitako bibliografia eguneratua eta aparatu bisual zabala eskaintzen ditu.

Liburuan, "Udaberria" eta "Venusen jaiotza", Sandro Botticelliren (1445-1510) bi pintura nagusiak, Antzinateko eta Italiako lehen Errenazimenduko artearen argitan aztertzen ditu Warburgek, antzekotasunak nabarmenduz eta eraginak salatuz.

Txinpartak Sans Soleil argitaletxeak arte gaiei buruzko erreferentziazko lanak euskaraz argitaratzen dituen bilduma da, eta euskarazko arte kritikako liburuen argitalpena bultzatzeko asmoz sortutako irabazi asmorik gabeko egitasmoa da. Artea, zinema, argazkigintza, literatura eta filosofia izango dira Txinpartak bilduman aztertuko diren gai nagusiak.

"Gure gogoa, irakurleen konplizitatea eta adituen partaidetza lagun, artearen alor ezberdinak aintzat hartuko dituen erreferentziazko corpus zabal eta aberatsa osatzea da helburua", azaldu dute argitaletxeko arduradunek.

Bilduma honetako hurrengo helburua Walter Benjamin euskaratzea da, eta uda ondoren, autore honen bi antologia argitaratuko ditu: bata literaturaren inguruko artikuluek osatuko dute, eta bestea, historia eta filosofiari buruzkoek.