'Txarriboda', hiltzailearen erretratu gordina
Javier Rebollo eta Alvar Gordejuela zuzendarien azkenengo filma ostiralean estreinatu zen Euskal Herriko zinema-aretoetan
virginia enebral
Domingo, 12 de abril 2015, 00:11
"Akzio eta tentsioz beteriko filma da", ziurtatzen du Alvar Gordejuelak, 'Txarriboda' thrillerraren kozuzendariak. Ostiralean Euskal Herriko zinema-aretoetara ailegatu zen euskaraz filmatutako istorio honek laurogei minututan zehar besaulkiari zintzilik edukitzea hitzematen du, hiltzailea nor den hasieratik jakina bada ere."Pelikula bat ikustera joaten zarenean, askotan aurrera doan bitartean indarra beherantz dator. Hori gerta ez dadila lortu dugula uste dut". Izan ere, akzioaren aldeko apustu tinkoa egin dutela adierazten du. "Oso landuta dauden bizpahiru momentu ageri dira", aurreratzen du Gordejuelak.
'Txarriboda'-k anbizio handiko Fran enpresari gaztearean bilakaera kontatzen du. Honek senar-emazteen arteko arazoengatik arriskuan ikusten du bere aberastasuna eta emaztea paretik kentzeko plan konplexu bat taxutzen du. Klarari, serie-hiltzaileetan espezializatutako polizia denari, aurre egin beharko dio. Hark arrazoi oso pertsonalak ditu emakumeen eraileei jazartzeko. "Itxuraz normala den pertsona bat hiltzaile bihurtzera eramaten dituen arrazoietan sakontzen dugu".
Itziar Atienzari protagonista papera ematea argi eta garbi zeukaten ia hasieratik. "Jendeak 'Vaya semanita' programarengatik ezagutzen du batez ere, baina antzerkian ibilbide luzea ere badu. Pertsonalitate indartsua eta itxura gogorra duen emakumea da eta baita presentzia handiko aktorea ere. 'Umerzurtzak' filmean ikusi genuenean bera zela hautagairik egokiena konturatu ginen eta gure ustez erabat asmatu dugu". Beraz gain, zuzendariek 'Alaba zintzoa' bere aurreko filman agertutako Mikel Losada eta Aitziber Garmendia interpreteak aintzakotzat hartu dituzte berriro. "Ia guztiok elkar ezagutzen genuen. Ramon Agirrerekin ere harreman estua daukagu eta horrek sinergia bat sortzen du, lagunez inguratzeak lana errazten du". Ezaguna den Patxo Telleriak 'Txarriboda'-ren antzezle-zerrendan ere parte hartu du. "Argi geneukan bere pertsonaia beretzat zela. Niretzat maisu bat da eta zuzentzen nion aldi berean, berak niri irakasten zidan".
Izan ere, Gordejuelak berak zuzenketa lanetan diharduz gain, filman paper bat ere antzezten du. "Guztiz dibertigarria izan den erokeria bat", aitortzen du. "Javier (Rebollo) eta biok askotan egon gara ausartuko nintzen ideiarekin txantxetan eta azkenean errealitate bihurtu da. Kenneth Branagh-ren pelikulak ikustean askotan pentsatu dut nola izango zen eta orain badakit. Ez da erraza izan, egia esan, zaila izan da". Rebolloren zuzenkizunak jarraitzeak ez du inolako arazorik sortu. "Harreman oso ona daukagu. Gainera, Javier oso hezibide onekoa da, aktoreak errespetuz eta maitasunez tratatzen ditu eta, beraz, berarekin lan egitea benetan gozamen bat da".
Bizkaiko paisaiak
Thriller-a Gordejuelak gogokoa duen generoa da, hortaz, ez da harritzekoa bere proiektuak beti horrelakoak izatea. "Oso interesgarria iruditzen zaidan zinema mota da. Oraindik gogoratzen naiz hamar urterekin 'Seven' ikustera joateagatik nire amak arduragabea deitu ninduela", oroitzen du. Zazpi bekatu kapitalei buruzko filmarekin batera, 'El silencio de los corderos', iazko 'La isla mínima' edota 'True detective' seriea azpimarratzen ditu besteak beste. Pelikula hauek ez bezala, 'Txarriboda' ez da istorio iluntsu bat, nahiko argitsua baizik. "Gaiztakeria aurkezteko beti aukeratu ohi dira giro itogarriak, baina hiltzaile bati berdin zaio udaberria izatea edo izugarrizko eguna egitea, eta hori erakutsi nahi izan dugu".
Horregatik kanpokoek agerpen nabarmena dute. Ikusleek sekuentzien kokapenen artean Bizkaiko paisai asko ezagutuko dituzte: Bakio, Gordexola, La Arboleda/Zugaztieta eta, guztien gainetik, San Juan Gaztelugatxekoa, non fikzioko filma grabatu den lehenengo aldia izan den. "Asko arriskatu dugu, kanpoan filmatzen duzunean kontrol gabeko faktore gehiago parte hartzen baitute. Batzuetan hamaika ordu igaro ditugu bizpahiru minutuko metrajea lortzeko, baina guretzako erronka bat zen", azaltzen du zuzendari gazteak. Gogorrena ekipo guztia eskaileratik gora igotzea izan zen. "Lehen egunetatik erabakita geneukan eta berria poztasunez jaso zen taldean, baina grabatzeko eguna ailegatzean", barre egiten du Gordejuelak.
'Txarriboda' euskaraz egindako istorioa da eta horrela ikusiko da Euskal Herriko zinema-aretoetan, gaztelaniazko azpitituluekin. "Javier (Rebollo) eta biok euskal zinemaren defendatzaile amorratuak gara, hemen talentu asko dago eta erakutsi behar da. Gainera, komedia ez ezik, beste erako zinema egitea beharrezkoa da ere; hain zuzen ere, euskaraz ez da inoiz serie-hiltzaile baten istorioa kontatu". Zuzendariaren ustez 'Loreak' filmak mesede ikaragarria egin dio euskal zinemaren hedapenari. "Kalitate izugarrizko pelikula da eta lortutako emaitzek hala adierazten dute. Gurea hain ona izatea espero dugu", desiratzen du. Tentsio eta suspentsez handiko thriller hau hemen estreinatu ondoren, gaztelaniara bikoiztutako bertsioa Madril, Bartzelona, Sevilla eta Valentziara ere ailegatuko da.