El Correo

'Dragoi Bola Z' filma euskaraz estreinatuko da asteburu honetan

'Dragoi Bola' telesailaren eszena bat.
  • Estreinaldia asteburu osoko ekitaldi bat izango da, gaurtik igandera bitartean ospatuko dena, eta filmak marrazki bizidunetako telesailaren bikoizle berdinak izango ditu

Masahiro Hosodak zuzenduriko 'Dragoi Bola Z' filma euskaraz ikusteko aukera izango da asteburu honetan, Zineuskadi elkarteak kudeatzen duen Zinema Euskaraz programari esker. Estreinaldia, gainera, asteburu osoko ekitaldi bat izango da, gaurtik igandera bitartean ospatuko dena.

Marrazki bizidunetako telesailaren bikoizle berdinak izango ditu filmak, eta Maria Teresa Eguskiza Gorostizaren zuzendaritzapean arituko dira, besteak beste, Xebe Atencia Rubio Gokuren ahotsean eta Felix Arkarazo Izarkelaia Vegetarenean, Zineuskadi elkartetik jakinarazi dutenez.

Masahiro Hosodak zuzendua eta Yusuke Watanabek idatzia filmak kontatzen du nola Maji Booren aurka borrokatu eta urte batzuk geroago, krisi batek mehatxatu duela lurra. Bills, txikizioaren jainkoak, unibertso osoko orekari eusten diona, bere loaldi luzetik esnatu da, eta saia batek Freezer garaitu duen zurrumurrua entzun ondoren, haren bila abiatu da.

Denbora luzea igaro ondoren hain etsai indartsua aurkitzean hunkituta, Gokuk erronka jo dio txikizioaren jainkoari, baina ezinean dihardu jainkoaren ahalmena izugarrizkoa baita. Hartara, Billsek agur-hitz kezkagarriak jaulki ditu: "Lurrean izango ahal da norbait txikitzea merezi duenik!". Goku, Vegeta, Gohan eta lurreko gainerako gerlariak izango ote dira gai aurrekaririk ez duen indar txikitzaile hau geldiarazteko?

Oraingoz, 'Dragoi Bola Z' honako areto hauetan estreinatuko da: Barakaldoko Max Ocio eta Yelmo Megaparken, Errenteriako Niessenen, Leioako Artean, Bilboko Zubiarten, Donostiako Bretxan, Gasteizko Yelmo Boulevarden eta Irungo Ocinen.

Zinema Euskaraz programaren helburua herritarren eskura euskal balio zinematografikoak sustatuko dituen, euskararen erabilera komunikazio kultural gisa erabiliko duen eta aisialdian normalizazioa bultzatuko duen film sorta bat jartzea da.