Desagertutako izenak
Dena da igarotzen: ona dena eta txarra dena ere bai. Ez dakit zein arinago. Ezer gutxik du irauten. Memoria dugu beti zelatan, gure zaindaria balitz bezala. Eta huts egiten du askotan
Felipe Juaristi
Martes, 30 de mayo 2017, 23:31
Dena da igarotzen: ona dena eta txarra dena ere bai. Ez dakit zein arinago. Ezer gutxik du irauten. Memoria dugu beti zelatan, gure zaindaria balitz bezala. Eta huts egiten du askotan. Zer dakigu guk atzo gertatutakoaz? Zer, orain bost urte, zalaparta handiz igaro zen gertaera ikusgarriaz? Kolosala omen zen, historikoa. Bai, gertaera saldo ederra dugu hain 'historikoa' dena, gure artean, non historiak, lotsagorrituta geratuagatik, ezkutatu behar izaten duen. Eta 'historikoa' dioenak 'kolosala' dio, edo bestelako adjektiboa eransten du, kontu horietarako ez baita adjektibo faltarik izango. Horretarako balio dute hiztegiek, eta hiztegigintzan oso gara iaioak. Galdetu bestela hiztegigile izan den orori, ea ba ote dagoen munduan hori baino lanbide ederragorik. Irakurri dut liburu batean, edo egunkari mutur batean ez dakit, Britainia Handian ez dakitela Winston Churchill existitu zenik. Hango ikasleei fikzioko pertsonaia iruditzen omen zaie, pelikuletan eta halakoetan purutzar eta guzti azaltzen den gizon arraro, jenio txarreko eta arrotza.
Egia da denbora piloa pasa dela Winston Churchill hil zenetik hona, denbora parrastada bat, eta horrek, nahita ez, bere eragina du. Izen batzuk desagertu dira, edo kendu egin dituzte, eskola-liburuetatik, sekula betiko. Errezeloz betetako kultura baten partaide gara. Baroja aipatzen bada, don Pío jakina, batek baino gehiagok okertzen du muturra. Ez da urte asko hil zela, eta haren liburuak oraindik liburutegietako apaletan daude, eta batzuk salgai ere bai liburu-dendetan. Eta Unamunorekin berdin gertatzen dela esango nuke. Plaza ederra du Bilbon, baina haren izena zenbait euskal zirkulutan aipatze hutsak barrenak dardaraz jartzen ditu. Ez dut jakin euskal idazle erdaldunak zirelako ote den, ala berez bai Baroja eta bai Unamuno gurea bezain literatura oparo, neurri ezin eta erabat berdindu gabean, orbanak baino ez ote diren, makula ziztrinak orri garbi eta distiratsuan. Susmoa dut egunen batean desagertuko dela haien arrastoa gure giza oroimenetik, eta haizeak eramango dituela haiek idatzitako orriak oro, eta hauts bilakatuko direla, hondartza eder eta turistentzako salgai batean. Estatu Batuetako ikasle asko sinetsita dago Beethoven txakur bat izan zela, san Bernardo bat, eta ez munduak eman duen musikaririk aurreratuenetako bat, adjektibo bat jartzearren. Zinemaren zartada-kolpea da: denok dakigu nolako eragina duten ikus-entzunezko medioek munduaren ikuspegia zedarritzerakoan.
ETAk armak utzi ondoren, erakunde hori zer izan den armatua izan denean konta tzea omen da erronka. Historiagileek garbi samar daukate nondik nora lerratuko den beren lana, eta dagoeneko asko idatzi izan da, eta ondo, ETAri eta haren zapalkuntzari buruz. Baina irudipena dut ez dela historiagileek idatzitakoa izango kontaera nagusia; ezta idazleek (idazle batzuek, zehatzak izateko) eleberri, poema eta ipuinetara ekarri dituzten testuek osatutakoa ere. Beste kontua da euskal idazleok, euskaldun izan ala ez, badugula zer aztertua, gure mugetatik ezertxo ere mugitu gabe; zer esana ere bai, neurri handian. Zergatik idatzi dugun idatzitakoa? Esan nahi dut ez dagoela euskal literatura ulertzerik ETAk izan duen indar eta eraginik gabe. Bestela dioenak ez du bere baitan begiratzeko adorerik izan eta besteei begira jarrita dago, memoriaren zelatari.
Izan ere, denbora aurrera ahala, litekeena da gure artean ETA bat izan denik inork gutxik sinestea.