Hitz jokoak
Oroimena eraikitzeko unean, jolaserako dugun gaitasuna aldarrikatu beharko litzateke. Honek norberaren mugak zeintzuk diren zehazten du
Felipe Juaristi
Lunes, 5 de septiembre 2016, 01:30
Euskaldunok hitz joko zaleak gara. Hala gertatzen da ahozko tradizioa indartsua duten kultura guztietan. Hitza ez da, halakoetan, ahoskatzen den zerbait; irentsi, jan eta marruska-tzen den zerbait baizik. Badu zerikusia hizkuntzak, ahozko moduan, duen jolaserako gaitasunarekin. Kanta, dantza, musika ditu lehiakide, eta norgehiagoka aritzea du maite. Bertsolaritza dugu horren eredu, baina horrek ez du esan nahi hizkuntzaren bestelako lanbideetan halako jokorik asma ez daitekeenik. Jokoa eta jolasa, kasu honetan, sinonimoak dira ia, lehiaketaren grina hori kenduz gero bederen. Pozgarriak dira, jostailu denda batean Gabonak aldera eros daitezkeen panpinak bezain. Izan ere, Baudelairek, galdera ikurra jarriz, zioen bezala: ez al da bada han aurkitzen bizitza bere txikian, benetako bizitza baino kolore gehiago duena eta, horregatik hain zuzen, hura bera baino askoz ere garbiago eta distiratsuagoa dena?
Publicidad
Benetako bizitzan, tamalez, joko gutxi dago funtsean jokoan, eta dagoenean bizi-tzatik aparte da, bizitza zabaltzen den lurraldetik aparte: kasino eta joko-etxeetan, ezkutuko tokietan, inoren ikuspegitik urruti, ahal dela. Bizitzatik aparte esan dut, baina hala ere jokoak eragina du bizitzan. Jokalari porrokatu baten eguneroko errutinak eguneroko bizitza jotzen du, ez beti era agerian, gordean baizik. «Jokoa ez da errenta», esan ohi dute euskaldun tradizio handikoek, gogoratuz seguru asko jokoak herri eta familietara ekarri dituen deskalabru, zorigaitz eta tristurak. Jokoa dema baita askorentzat; jolasaren kontrakoa.
Jolas jokoa, esan badaiteke, inozotasun arora garamatzan dibertimendua da. Goza-tzeko, ondo pasatzeko, norberaren mugak zertan diren zehazteko, gorputz eta adimenaren ahoak zorrozteko eta, horiek labain modura erabiliz, irudimenaren haragia zulatzeko. Horretarako balio lezake, jolasa den jokoa eta jokoa den jolasa aurkitutakoan. Hizkuntzaren lurraldean, esaterako. Txikitan helduen mundua errepikatu nahi izaten dugu. Haurra zoriontsu bihurtzen da errepikapenekin; aurreko mundura itzuli nahi baitu, nahiz eta bera askotan mingarri edo negargarria izan den. Hitzen errepikapenik gabe ez dago kantarik, hitzen errimarik gabe ez dago bertsorik.
Ikusitakoa errepikatzen dugu txikitatik, eta horri esperientzia deitzen zaio, edo eskarmentu, segun. Ahoskera zaharrean, tradizio zaharretik edaten baitu behar duen ura, eskarmentua da aurrera jotzeko erakusgai duguna. Ez da minik gabe ikasten, diote idatzi santuek. Egia da; baina hori bezain egiazkoa da ez dela pozik gabe ere ikasten. Mina eta poza, eguneroko kontuak izanik, irakasle onak dira. Biek ekartzen diote haurrari irudira mundua izan daitekeela zerbait izugarri, edo, bestela, zerbait gozagarri. Biak ala biak oroimenaren zolan pilatzen dira, eta, behar izanez gero, handik atera eta azalera zabaltzen dira. Walter Benjaminek esperientziaz idazten duenean, haurtzaroko esperien-tzia hartzen du oinarritzat. Baina Proustek ere haurtzaroko madalena baten oroitzapena ekarri behar du gogora, idazteko, alegia esperientzia berritzeko, oroimenaren makinari eragiteko. Nahi gabe bezala gertatzen zaio Prousti: madalena bat ikusten du eta aho-gozagarri horrek haurtzaroan dastako madalena bera ekartzen dio orainera, eta horrela lot ditzake bi denborak presentean.
Garrantzi gehiegi ematen zaio minari oroimena eraikitzeko unean, eta are gutxiago, poz edo atseginari. Garrantzi gehiago ematen zaio jokoari jolasari baino.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión