Zeinu hizkuntza hasiera mailako ikastaro trinkoa hasiko da astelehenean

Busturialdeko gazteei zuzendutako programa ekainaren 14ra arte luzatuko da eta Urremendiren Gernikako egoitzan eskainiko da

IRATXE ASTUI BERMEO.

Busturialdeko Gazteria zerbitzuek Zeinu Hizkuntza hasiera mailako (A1-A2) ikastaroa antolatu dau. Eskolok datorren astelehenetik ekainaren 14ra arte izango dira, Urremendi Landa Garapen Elkartearen Gernikako egoitzan, hain zuzen be.

Ikastaroa Pertsona Gorren Elkartearen Euskal Federazioko irakasleek eskainiko dabe. Helburua da «gorrak diran eta ez diran pertsonen arteko komunikazioa erraztea eta komunikazio hori eragiten daben oztopoak apurtzea, elkarren arteko harremanak aberasteko», azaldu dabe elkartetik.

Ikastaroak 140 orduko iraupena eukiko dau eta 15 ikaslek parte hartuko dabe, gehienez. Programa amaitzerakoan, jagoken hizkuntza-gaitasuna lortu dala ziurtatzen dauen agiria jasoko dabe ikasleek; «beti be, ebaluaketako probak gainditu eta gero». Ekimena 'Lana bilatzea, Lana da' programaren barruan dago eta Arratzu, Bermeo, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietan erroldatutako 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago.

Matrikulazioaren prezioa 250 eurokoa izan da. «Halandaze, ikastaroa amaitu eta gero, %90etik gorako parte-hartzea izan dabenei ehun euro itzuliko jakez».35 urtetik gorakoek eta Gaztedi Busturialdea programan parte har-tzen ez daben herrietan erroldatutakoek, barriz, 289 euro ordaindu behar izan dabez.