Zabalik dago Bermeon guraso eta etorkinentzako euskara eskoletan izena emoteko epea

Euskarazko eskoletan parte hartzera animatu dabe. / B.U.
Euskarazko eskoletan parte hartzera animatu dabe. / B.U.

IRATXE ASTUI BERMEO.

Gurasoentzako eta etorkinentzako euskara ikastaroetan izena emoteko epea zabalik dago, oraingoz, Bermeon. Interesatuak, izan be, hilaren 28rarte inskribatu ahal izango dira Berh@z bulegoan (Ertzilla 6-8). Eskolok aspaldiko urteetan antolatzen dauz Bermeoko Udalak udalerriko euskaltegi biakaz -AEK eta Gotzon Garitaonaindia- elkarlanean. Ekimenaren helburuak dira «alde batetik, familia bidezko transmisioa indartu euskara ez dakien gurasoei ikasteko erreztasunak emonez, eta bestetik, Bermeora kanpotik etorri diranentzat euskara ikasteko aukera zabaltzea», zehaztu dabe udalerriko Euskara sailetik.

Gurasoei zuzendutako ikastaroak AEK euskaltegian eskainiko dabez eta 120 orduko iraupena eukiko dabe. Prezioa, bestalde 20 eurokoa izango da. «Seme-alabakaz ohiko hartu-emonetan komunikatzeko trebetasunak landuko dabez, ulermena eta berba egiteko lotsa galdu eta testu laburrak irakurtzen eta idazten ikasiko dabe», azaldu dau AEK-ko ordezkaria dan Iratxe Garmendiak.

Etorkinei zuzendutako ikastaroari jagokenez, Gotzon Garitonaindia euskaltegian antolatuko da, eta 120 orduko ikastaro izango da. Kasu honetan, matrikularen truke 10 euro ordaindu beharko dira, gehi materiala. Eskoletan, komunikatzeko oinarrizko gaitasuna lantzen dabez etorkinek, Aisa metodoaren bitartez. «Egunerokoan beharrezko diran ekintzak gauzatzen ikasiko dabez, adibidez, euren burua aurkezten edo informazioa eskatzen eta emoten», azaldu eban Leire Iñigo irakasleak.

Temas

Bermeo

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos