Urdaibai Bird Centerrek 38.216 bisitari hartu ebezan igaz
Gautegiz Arteagako zentrutik 200 hegazti espezie inguru begistatu ziran 2019an, besteak beste, mokozabala eta arrano arrantzalea
IRATXE ASTUI
GAUTEGIZ ARTEAGA.
Lunes, 3 de febrero 2020
Gautegiz Arteagan kokatuta dagoen Urdaibai Bird Center zentroak 38.216 bisitari hartu ebazan igaz. Kopuru horretatik %21a atzerritarrak izan ziran. Igazko bisitarien erregistroak kontutan izanda, Biosfera Erreserbaren bihotzean dagoen zentruak, «bisitarien naturarekiko eta hegaztiekiko interesa mantentzen» jarraitu dauela baieztatzen dabe bertako arduradunek.
Bisitari guztien %37 Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroakoak izan dira, eta %42 Estatutik etorritakoak. Europako gainontzeko herrialdeei jagokenez, %21a izatera heldu dira. «Horreen artean Frantziakoak nabarmentzen dira, %6 izan dira eta», jakinarazo dabe. Alemania, Herbehereak, Ingalaterra eta AEBetako bisitariak «mantendu» egin dirala baieztatu dabe, bestalde.
Urdaibai Bird Center interpretazio zentruko arduradunen arabera, 2019ko datuek ondorioztatu dabe museoak «bide onetik» doala. Izan be, Urdaibai Biosfera Erreserban kokatuta egoteak «leku paregabe honen altxorrak begistatzeko aukera ederra» eskaintzen dau, hau da, hegazti migratzaileak eta beraien migrazioak.
Horri esker, museoaren aurrean dagoen Gautegiz-Arteagako padura «bizi hutsa da», eta urteko edozein sasoitan hegazti espezie askotaz goza daiteke. 2019an zehar, hain zuzen be, 200 hegazti espezie inguru desberdindu ahal izan dira handik, eta arrano arrantzalea, mokozabala eta zezen- txoria izan dira espezie erakargarrienak.
Kamarak
Joan dan urtean, 167.427 lagun izan ziran euren etxetik edo gailu mugikorretik Urdaibai Bird Centerrek antolatutako jarduerez baliatu diranak www.birdcenter.org web orria erabilita. Web orrialde horren bitartez, Gautegiz-Arteagako padurako hegaztiak ikusteko zuzeneko kamerak erabili ahal dira eta baita, arrano arrantzaleen satelite bidezko jarraipena egin edota herrialde desberdinetako eskolen multikonferentzia saioak jarraitu be.
Gainera, turismo alorrean gertatu dan arrakastari esker, Urdaibai Bird Center zentroaren beste bi ardatzetara be zabaldu da; ingurumen hezkuntzara eta kontserbaziora, hain zuzen be. Hori kontutan izanda, 3.571 ikasle igaro ziran zentrotik urtean zehar. Kontserbazioari jagokonez, bestalde, Gautegiz-Arteagako padura «Urdaibai Biosfera Erreserbako balore naturalistiko gehien daukan leku aproposenean finkatu da», azpimarratu dabe hango arduradunek.