Udal funtzionamenduaren ganeko iritziak batuko dauz Gernikako EH Bilduk

IRATXE ASTUI GERNIKA-LUMO.

Herritarrek Gernikako udal funtzionamenduaren ganean daukezan eritziak edo «sentsazinoak» jaso gura dauz EH Bilduk, inkesta baten bitartez. Horretarako herriko etxe guztietara galdetegi bat bidali dabe «Udalagaz daukezan hartu-emonei buruzko kezkak ezagutu gura doguz», zehaztu eban Jose Ramon Bilbaok Gernikako EH Bildu taldeko bozeramaileak.

Koalizio abertzaleko ordezkariek udal gobernu batek bultzatu beharko leukiezen baloreak «gardentasuna, zintzotasuna, hurbiltasuna eta entzuteko gaitasuna» dirala uste dabe. Izan be, erakundeak herritarren zerbitzura lan egin behar dabelako adiarazi dabe prozesu parte hartzailea, «udal gobernu batean gardentasuna eta partaidetza ezinbestekoak direlako», baieztatu dabe.

Inkestaren bitartez udal kudeaketaren ganean lortu izan diran emaitzak a baloratu eta gero, «udal gobernantza hobetzeko aldaketa eta neurrien taula marraztuko dogu», argitu dabe iturri bardinek. «Indar politiko guztiakaz partekatuko dogu, guztion artean Udal hurbilago eta atseginago bat eraikin daigun, demokrazioa gehiagoagaz», azaldu eban Bilbaok.

EH Bildun, martxan ipini dan 'Demokrazia +' kanpaina prozesu eraikitzaile bat dala adierazi dabe. «Kolore ideologioak alde batera itzita, guretzako eta herritarrentzako Udalean gitxienekoak diran parametro demokratikoak ezarri gura doguz. Udaletxean dagozan sentsibilitate guztietako pertsonek konpartitzen dabela uste dugu».

Inkesta egiteaz gainera, herriko elkarte eta eragileakaz be batzeko asmoa daukie Gerniakko EH Bilduko ordezkariek. «Euren esperientziak entzun gura doguz, informazio nahikoa daukien edo ez jakiteko». Galdetegia www.ehbildugernika.eus weborrialdean aurkitu daiteke.