Nagusiakaz herri lagunkoia izatearen nondik norakoak azalduko dira gaur Bermeon

IRATXE ASTUI BERMEO.

'Bermeo, pertsona nagusiekaz herri lagunkoia 2018-2020' deritxen plana aurkeztuko da gaur, Bermeoko Kultur Etxean, 18.00etan hasita. Plan hori kostaldeko udalerriak, Bizitzen Fundazioagaz alkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, martxan ipini da.

Pertsona nagusiekin lagunkoi izatearen mugimendua Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) bultzatu dau eta proiektu horren asmoa da «herriak hobetzea, zahartzen joan ahala gure bizimoduarekin aurrera jarraitu daigun», azaldu dau Benito Ibarrolazak, Gizarte Ongizate Udal Patronatuaren presidenteak. «Azken batean, pertsona nagusien bizi kalitatea hobetu gura da, eta, ondorioz, herritar guztiona bebai», gaineratu dau.

Horren harira, «pertsona nagusiekin lagunkoia izateko, herriak bere politika, zerbitzu, ingurune eta egiturak hobetu behar dauz, beharrizan eta gaitasun desberdinak daukezen pertsona nagusiak kontutan hartzeko». Besteak beste, planaren asmoen barruan dago «arlo desberdinak landu: aire zabaleko guneak eta eraikinak, garraioa, etxebizitza, sareak eta gizarte-laguntza, enplegua eta partaidetza, errespetua eta gizarteratzea, komunikazioa eta informazioa, gizarte eta osasun zerbitzuak», zehaztu dabe Bermeoko Udaleko iturriek.

«Ez da horrenbeste 'egitea' baizik eta beste modu batera 'pentsatzea'; etorkizunari begira nagusien ikuspuntua eta lagunkoitasun kultura barruan hartuz», azaldu dau Ibarrolazak. Bermeo herri lagunkoia proiektua lantzeko oinarri nagusia herritarren parte-hartzea izan da eta, batez be, pertsona nagusiena, hau da, “»pertsona nagusiak eta senitarteko zaintzaileak dira plan honen protagonistak», argitu gura izan dabe.

Temas

Bermeo
 

Fotos

Vídeos