Muxikako EH Bilduk gazteak herrian bizi ahal izateko baldintzak sortu gura dauz

IRATXE ASTUI MUXIKA.

Epe luzerako politikak egiteko amesagaz eta udalerria osatzen daben «hiru herriak -Muxika, Ibarruri eta Gorozika-» kontutan hartuz, aurkeztu dau EH Bilduk bere kandidatura, Muxikan. Koalizio abertzaleak, oraingoan, Begoña Enbeita ipini dau hautagai-buru hurrengo lau urteetan be Udaletxeko Alkatetzan mantentzeko asmoagaz.

Muxikako EH Bilduren programan esparru desbardinak landu egin dabez: etxebizitza, lehen sektorea, industriarako aukera iraunkorra, garraioa, eskolak eta kultura, beste batzuen artean. «Guztiok batera bidea egin ahal izateko saretu egin behar dogu», azaldu dau Muxikako EHBilduko Alkategaiak, Begoña Enbeitak.

Bere taldearen proposamenen artean, azkenengo legegintzaldian Udalak hasi eban Kurtzerotik Ugarterako bidegorri proiektua amaitzea agertzen da. Kirolerako espazio barriak sortzea be bada Muxikako EHBilduren beste helburuetariko bat.

«Hasita dagoz Kurtzeroan kirolgunea sortzeko tramiteak eta proiektu horri eutsi egingo deutsagu. Ganera, lehendik dagozan kirolerako guneen egoera aztertu eta hobatu egin behar dogu», aitatu dau Enbeitak. Gazteak herrian bizi ahal izateko balintzak erraztea be gura dabez EH Bilduko alderdikideek, «alboko herri handietara bizitzera joan ez daitezen», sentitzen dabe. «Udalak, udalerriko lurretan berton, etxebizitza sozialak egiteko ze aukera daukan aztertu behar da», azaldu dabe.

'Zurekin herria gara' lelopean, Muxika, Ibarruri eta Gorozikako EHBilduren proposamen zerrenda herriko kultur taldeakaz harreman zuzena lantzeko ekimenakaz osotzen da. «Ez bakarrik diru-laguntzak emoteko orduan: zer eta zelan antolatu gura daben, Udalak bere baliabideak euren eskuetan jarriko dauz», esan dabe.

Temas

Muxika