'Inondik inora' antzeztuko dabe bihar, Bermeon

I. A. BERMEO.

Benetan be konpainiaren eskutik, 'Inondik inora' tituludun umeentzako antzerkia egongo da ikusgai bihar, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan. Antzezlana lau urtetik gorako umeei zuzenduta dago eta arratsaldeko seiretan hasiko da. Sarrerak lau euro balio dabe eta, oraingoz, salgai dagoz Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean, www.kutxabank.es webgunean eta BBKren zerbitzu anitzetarako kutxazainetan. Dana dala, Nestor Basterrtexea aretoaren leihatilan be salduko dabez, antzezlanaren egun bardinean, 17:30etik aurrera, eta agortu arte.

'Inondik inora' obrak, umorea eta poesia, musika zuzenean eta panpinak, eta euskara eta ingelesa buztartuz, jakin-mina eta desobedientzia sustatzen dauz», aurreratu dabe konpainiaren aktoreak diran Patricia Urrutiak, Aiora Sedanok eta Jon Zumelagak.

Obraren mamiaren protagonista nagusia postari bat da. Kontatzen dauan istorioan dinienez, «oso garrantzitsua da postari batentzat beti adi egotea eta sasoian mantentzea. Ez da lan makala postariok egin behar doguna, etxerik etxe, kalerik kale, mendirik mendi, bide, aire eta itsaso zabaletan zehar». Horrez ganera, umeei erakasten jake «ezin dala inondik inora paketerik zabaldu edo gutunik irakurri norberarentzako ez badira».

Temas

Bermeo
 

Fotos

Vídeos