«Hiriburura begira egindako politikak» kritikatu dauz Busturialdeko EH Bilduk

Busturialdeko udalerrietako EH Bilduko alkategaiak. /  M. U.
Busturialdeko udalerrietako EH Bilduko alkategaiak. / M. U.

Koalizio abertzaleak eskualdeko 16 udalerritan aurkeztuko dauzen alkategaiak batu ebazan, asteburuan, Bermeoko Taraska plazan

IRATXE ASTUI BERMEO.

Busturialdeko EH Bilduk eskualderako daukazan proposamenak aurkeztu ebazan, joan dan zapatuan, Bermeoko Taraska plazan. Hitzorduak, bertako 16 udalerrietako alkategaiak batu eta euren izenak eta aurpegiak ezagutzera emoteko be balio izan eban. Koalizio abertzaleko ordezkarien esanetan, erakunde zein politikagintzan «esperientziadun pertsonak batzen dauz Busturialdeko EH Bilduk», baieztatu eban Bermeoko alkatea dan Idurre Bidegurenek.

Etorkizunari begira, bestalde, Busturialdeko EH Bilduren asmo nagusia eskualdea «hobetzea» dala adierazi eban, bere aldetik, Iratxe Arriolak. Eako alkatea, alkategaia eta Ba-tzar Nagusietako hautagaia danak «Busturialdea hobetzea da gure helburua, ekonomikoki, kulturalki eta ekologikoki. Bere osotasunean», esan eban. Horren harira, hain zuzen be, EH Bilduk eskualde «bizia» lortu gura dauala eta horretarako «Busturialdetik eta Busturialderako politikak» bultzatzeko konpromisoa hartuko dabela ziurtatu eban, bere aldetik be, Gernikako EH Bilduko alkategaia dan Jose Ramon Bilbaok, 'Bulik'.

Gernikako ospitala

«Aurretik itzi deuskuena, jaso doguna, diru zorrak izan dira, eta eskualdera barik hiriburura begira egindako politiken morrontza», kritikatu eban Arriolak, bestalde. «Horreri buelta emon eta konpondu bakarrik ez, hobetu egin dogu eta eskualdeak aurrera egiteko pauso sendoak emon doguz», gogora ekarri eban.

Horren adibide moduan, joan dan legegintzaldian EH Bilduk izaniko «lorpenak» azpimarratu ebezan koalizioko hautagaiek. Batetik, «legebiltzarrerainoko bidea egin genuen saneamendu lanak amaitzeko eta ingurumenari eta hondartzei egiten jaken kaltea konpontzeko 45 miloi euro lortu genduzan», ziurtatu eben.

Bestetik, Gernikako ospitalean «oheak ipintzea eta zerbitzu gehiago emoteko legez-besteko proposamena onartu da», baieztatu eben. «EAJ bietan be aurka agertu da eta EH Bilduk beste alderdiakaz negoziatuta lortu dauz konpromiso horreek».

Temas

Bermeo