'Haizeak dakarren dantza'-ri txistu soinua ipiniko deutso Bermeoko Kankinkabarak

IRATXE ASTUIBERMEO.

Bermeoko Kankinkabara Txistu Taldeak 'Haizeak dakarren dantza' tituludun kontzertu berezia eskainiko dau, bihar, udalerriko Artza Frontoian. Hitzordua 20.00etan izango da eta sarrera doan. Herriko Kankikabara txistu taldeagaz batera, Alkartasuna Dantza Taldeak eta TTakuntxo taldeko txalapartalariek be parte hartuko dabe ikuskizunean.

«Soinu eta dantzaz osatutako saio ederra eskainiko dabe», aurreratu dabe Bermeoko Udaleko Kultura sailetik. Kankinkabara txistu taldea 12 partaidek osatzen dabe eta biharko kontzertuan hainbat instrumentu joko dabez. Besteak beste, txistuak, silboteak, alboka, shruti box, txirula, bonbetea, atabala, eskusoinua, eta perkusiozko instrumentu txikiak izango dira entzungai, herriko frontoian.

Errepertorio osoa dantza doinuez osatu dabe taldekideek. Horretarako, dantza bereziak aukeratu dabez, eta, horreen artean, Gipuzkoako dantzen poupurria, Baztaneko zor-tzikoa, Busturialdeko jota eta arin-ariña edota Uztarrotzeko soka dan-tzaz gozatu ahal izango dabe ikuleek. «Koreografi guztiak Alkartasuna dantza taldeak egingo dauz», azaldu dabe.

Horrez gainera, Bermeoko dan-tza taldeak Jon Ibarrak, Kankinkabarako txistu taldeko partaideak, Zarautzeko Zesteronekua taldeari idatzitako 'Jauzi' dantzaren estrenua egingo dau. Bestalde, 100 alargunen dantza, 1912ko abuztuaren 12ko galarrenean itsasoan hil ziran marinelak gogoan, ikusgai ipiniko dabe, Thyerry Biscayren musika eta Uxue Alberdi idazlearen letrarekin egindako kantua, hain zuzen be. Kontzertu ikuskizunak ordubete azpiko iraupena eukiko dau. «Musikarekin eta dantzarekin gozatzeko aukera paregabea eskainiko dau», ziurtatu dabe.

Temas

Bermeo