Gernikako ospitalean «berbaemondako oheak» ipintzeko eskatuko dau Bilduk

I. A. GERNIKA-LUMO.

Gernikako ospitalean «hitzemondako ospitalizaziorako oheak» jartzea eskatuko deutso EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari. Horretarako, eskualdeko herrietan mozioak aurkeztuko dabez datozen egunetan.

«Zazpi urte igaro dira ospitalea inauguratu zanetik, baina izen hori eroan arren, gure ustez benetako ospitalea izatetik asago dago oraindik», adierazo dabe koalizio aber-tzaleko iturriek. Izan be, euren esanetan, «ospitalizazio oheak izateko aurreikusita zegoen hirugarren solairuak hutsik jarraitzen dau», kexatu dira. Beste alde bateteik, EHBilduren ustez historian zehar baztertuta egon da Busturialdea Osasun arloan, «eta ez bakarrik erreferentziazko ospitaleetara dagoen distantziagatik», azaldu dabe. «Bertako ospitalea baino beranduago abiarazi diran gainontzeko proiektuek, Urduliz edota Eibarkoak kasu, ospitalizazio zerbitzuak bermatuta dakiezalako», zehaztu dabe.

Eskualdearen kasuan, ohe faltak Gorliz eta Santa Marinako ospitaleetarainoko bidaiakaz jarraitzea dakarrela dinoe EHBildutik, «paziente zein senideentzako dakarzan kostu ekonomikoa eta desgaste psikologiko eta fisikoagaz batera».

Eusko Jaurlaritzari eskualdeko herrietan aurkeztuko diran mozioen bitartez, Gernikako Osasun Zentroan gaur egun eskaintzen diran «lehen mailako arretako zerbitzuak zentruko hirugarren solairura lekuz aldatzeko proiektua behin betiko baztertzea» eskatuko dabe. Horrez ganera, proiektuan agindutako bestelako zerbitzuak martxan ipintzeko pausuak emotea.

«Besteak beste hemodialisi zerbitzua edo erradiologia zerbitzuaren ehuneko ehuneko aprobetxamendua kasu», zehaztu dabe. Ez da hau lehenengo bidarrez eskualdeko ospitalearen inguru aldarri bardinak egiten dirana.