Gernikako Eskolarteko Antzerki Astean 150 ikasle taularatuko dira

Antzerki saioak ikasturte buruan egindako lanaren erakuslehio izango dira. /  MAIKA SALGUERO
Antzerki saioak ikasturte buruan egindako lanaren erakuslehio izango dira. / MAIKA SALGUERO

Gaur hasita eta etzirarte euskerazko hainbat antzezlan ikusteko aukera zabalduko da, herriko Lizeo antzokian

IRATXE ASTUI GERNIKA-LUMO.

Gaur hasita eta eguenara bitarte garatuko da, Gernikan, XXXI. Eskolarteko Antzerki Astea. Lizeo Antzokian garatuko dan programan, herriko hezkuntza zentruetako 150 bat ikaslek parte hartuko dabe, beste urte batez. Udaleko Hezkuntza Arloa eta Euskara Zerbitzuaren antolakuntza lanak eta babesa bitarteko, ikasturtean zehar ikastetxeetan eta institutuetan lantzen diran antzezlanak kaleratzeko eskaparate aproposa izaten da Eskolarteko Antzerki Astea.

«Udal Eskola Kontseiluan ikasturterako finkatzen dan eskolaz-kanpoko ekintza komunetako bat dogu, umeak gizarteratzeko bidea jorratzea helburu», azaldu dabe ekimenaren antolatzaileek. Gernikako Euskararen Normalizaziorako Plan Estrategikoan be aintzat hartuta dago hitzordua, «euskararen erabilpena areagotu eta ahozkotasuna eta mintzamena landu nahirik».

Lizeo Antzokian alkartuko dira antzezle zein ikusleak hiru gueetan. Ikuskizunak, hain zuzen be, 11:00etan eta 15.00etan izango dira, egunaren arabera. Aurtengo antzerki astea San Fidel Ikastolako LH 6. mailako ikasleen emonaldiagaz hasiko da, gaur, 11.00etan. 'Osaba Natxoren testamendua' antzerkia landuko dabe. Eguerdiko saioa, barriz, Barrutia ikastetxeko LH 6. mailako taldeak antzeztuko dau. Eurek '6.maila bukatu dut!' tituludun lana igoko dabe Lizeoko taulara. Bihar, bestalde, saio bakarra egongo da, 15.00etan. 'Guk elkarri on eginez, zuk zergatik ez?' antzerkia taularatuko da.

'Super heroiak' eguenan

Etzi, Gernikako Institutuko DBHko ikasleak izango dira agertokian, 11.00etatik aurrera, 'Super heroiak' lanagaz. Azkenik, Gernikako Seber Altubeko LH 3. mailako ikasleak itxiko dabe aurtengo programa, 15.00etan, 'Klasikoak? Guai!' obra antzeztuz.

Ikasleei zuzendutako antzerkiak goizez iragarrita dagoz, eta arratsaldez, guraso eta familiartekoei eskainitako saioak burutuko dabez. «1.600 bat ikusle batzen dira saioetan, urtero», baieztatu dabe. Umeak «gizarteratzeko bidea jorratzea» be bada Gernikako Eskolarteko Antzeri Astearen helburua.

Egitasmoaren atzean, bestalde, «ikaragarrizko» lana dagoela zehaztu dabe ekimenaren arduradunek. «Lan handia dago atzean. Gernikako udalerriko irakaskuntza zentro guztietako ikasleena, bai noski, baina begirale eta irakasleena be aipatu behar dira», ziurtatu dabe.