Euskeraren erabilera indartzeko ekintzen plan barriari ekingo deutso Bermeoko Udalak

Herritarren arteko euskararen erabileran eragiten jarraituko dabe plan barriagaz. / MAIKA SALGUERO
Herritarren arteko euskararen erabileran eragiten jarraituko dabe plan barriagaz. / MAIKA SALGUERO

Datozen lau urtetarako onartu dan plangintzan, hizkuntzaren ahuleziak eta mehatxuak detektatzeko lan sakonagoa egingo da

IRATXE ASTUI BERMEO.

Bermeoko Udalak 2018-2022 aldirako Euskararen Erabilera Plana onartu barri dau. Seigarren plangintza hori hizkuntza lidergoan, zeharkakotasunean, udalerriko euskararen erabileran eragitean eta euskararen kudeaketa, kudeaketa orokorrean txertatzean oinarrituta dago. «Aurreko plangintzan hasitako planteamenduaren jarraipena da; hau da, Udaleko eragile guztiek modu aktibo batean lan egitea planaren helburuak lortzeko, eta sail eta arlo guztietan, euskara kudeaketa orokorraren dinamikan integratzen jarraitzea», azaldu dabe Juan Karlos Agirre Euskara zinegotziak eta Aitziber Gabikaetxebarria Euskara teknikariak.

Programa barriaren helburu nagusia, bestalde, euskararen erabilera «indartzea eta areagotzea da, zerbitzu eta lan hizkuntza modura, euskararen erabilera bermatu eta herritarren hizkuntza eskubideei erantzun ahal izateko», gaineratu dabe. Horretarako, Bermeoko Udalak lan hizkuntzaren eta zerbitzu hizkuntzaren diagnostikoa egin dau. Izan be, gaurko egoeraren azterketa egiteko, 37 adierazle hartu dira kontuan, sei alorretan banatuta, eta horretarako udal langile eta ordezkarien parte-hartzea izan da.

Datu kuantitatiboak ez eze, kualitatiboak be jaso dira. «Hobetzekoak badagoz be, euskara egoera onean dago Bermeoko Udalean», baiztatu eban Agirrek diagnostikoaren emai-tzak aztertu eta gero.

Indarguneak

Udalak hizkuntzaren erabileran daukezan indarguneak, aukerak, ahulguneak eta mehatxuak identifikatzeko be balio izan dau ikerketak. «Modu horretan errazagoa izango da aurrera begirako lan ildoak zeintzuk izan behar dira identifika-tzea», esan eban.

Aurreko plangintzan hasitako planteamenduaren «jarraipena» izango dala zehaztu eban, baita be, Euskara zinegotziak. «Udaleko eragile guztiek modu aktiboan lan egingo dabe planaren helburuak lortzeko».

Kudeaketa planen helburua «euskararen erabilera indartu eta aurrerapausoak emoten jarraitzea» izango dala nabarmendu dabe Euskera sailetik. Herritarrekiko harremanetan hizkuntza «euskara izatea bermatu gura da, beti be herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuta», azpimarratu eben.

Temas

Bermeo
 

Fotos

Vídeos