Euskera sendotuz eta idazmena landuz amaituko dabe ikasturtea Gernikako ikasleek

IRATXE ASTUIGERNIKA-LUMO.

Gernikako Udaleko Euskara Zerbitzua eta Hezkun-tza Arloaren eskutik, udalerriko irakaskuntza zentroakaz alkarlanean, XVIII. Idazlan Koadernoak egokitu dabez amaitzear dagoen ikasturtearen buruan. Ekimenak 2002an dauka jatorria, Udal Eskola Kontseiluak eskolaz-kanpoko egitarauan sartzea erabaki ebanean.

Koadernoak egitearen helburuak dira idazmena lantzea eta irakurzaletasuna sustatzea, «euskara sendotzea xede nagusi hartuta». Izan be, Gernikako Euskararen Plan Estrategiko guztietan aintzat hartu izan da honako egitasmoa «eta hurrengoan be halaxe egitekotan gagoz», azaldu eben Udaletik.

Zentro bakotxak bere idazlanak aukeratzen dauz, ziklo bakotxeko bi, eta LHkoen liburuan 30 ikasleren idazlanak jaso izan dira aurtengoan, «eskuz eurek idatzitako moduan eta jatorrizko marrazkiekin folio formatuan», argitu eben. DBH/Batxilergo mailakoen argitalpenari jagokenez be, beste 30 idazlan izan dira, modu bardinean aukeratuak eta helduentzako formatoarekin.

Argitalpenak kaleratzeagaz batera, idazleei eskertzeko sasoia be izan zan joan dan maiatzan, Lizeo Antzokian. «Euren inplikazioa landu asmoz, eta herritar guztiei irekiak dirala ekitaldiok. Hemen be, ume eta gaztetxoen gizarteratze-prozesua euskaraz garatzeko baldintzak finkatu nahi dira», esan eben idazlan koadernoen ekimena koordinatzearen arduradunak.

Ekimena burutzeko, Gernikako Udaleko Euskara Sailak urtero aurreikusten dau diru kopurua eta aurtengoa be 10.500 eurokoa izan da. Horretatik 6.000 euro liburuak argitaratzeko emon da eta beste 2.100 euro, ikasleen artean sariak banatzeko. Irakurketa ekitaldien antolaketa 2.400 euroko kostua euki eban.