Euskaraldiarako indarrak batuz Bermeon

'11 egun euskaraz' lelopean egingo dan ariketa sozialean parte hartzeko izena emoteko deia zabaldu dabe herrian

IRATXE ASTUI BERMEO.

Euskaraldiarako prestaketa lanetan buruz belarri sartuta dagoz hainbat batzorde, Busturialdeko herrietan. Bermeon eta Gernikan, dagoeneko, '11 egun euskaraz' lelopean Euskal Herrian egingo dan ariketa sozialean parte hartzeko izena emoteko deia egin deutsie herritarrei.

Hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskal hiztunak aktibatzea helburu dauka azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo dan ekimenak. Aurretik, baina, prestakuntza-tailerrak eskainiko dira entrenamendu moduan. Bermeon, Kabidxe gune sozialean izango dira eta Gernikan, Maria Agirre aretoan.

16 urtetik gorako herritar guztiek parte hartu ahal izango dabe ekimenean hainbat bide erabilita: on-line zein ohiko udaleko zerbitzuen bitartez eta baita be ikastetxeetan, euskaltegietan, Berbalagunen eta Bermeoko Hizkuntza Eskolan.

Ariketa sozialan parte hartzerakoan rol biren artean aukeratu behar da. «Batetik, 'Ahobizi', ulertzen daben guztiei euskaraz egiten deutse eta ezezagunei lehen berba gitxienez, euskaraz; eta, bestetik, 'Belarriprest', euskaraz ondo-ondo moldatu ez arren, ulertzen dau eta berari euskaraz egitea gura dau, 'Ahobiziari' gonbitea egiten dio euskaraz egiteko, hain zuzen be», argitu dabe Bermeoko Euskaraldia prestatzen dabilenbatzordean.

Kostaldeko herrian, orain arte, 500 bat lagunek izena emon dabe Euskaldiaren entrenamendu tailerran parte hartzeko.

Euskal Herriko hainbat euskaltzale elkartek urteetan zehar landu daben 'Euskarak 365 egun' lanaren barruan kokatzen da Euskaraldia. 2019an, euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea be izango da ideiaren helburua.

 

Fotos

Vídeos