Euskalkiak usaindu ahal dira Bermeon

Atzo zabaldu zan 'Euskara ibiltaria' tituludun erakusketa irailaren 17ra arte ikusi ahal izango da. /  I. A.
Atzo zabaldu zan 'Euskara ibiltaria' tituludun erakusketa irailaren 17ra arte ikusi ahal izango da. / I. A.

'Euskara ibiltaria' erakusketa zabaldu dabe Arrantzaleen Museoan hizkuntzak hartu dauzen forma desbardinak azalduz

IRATXE ASTUIBERMEO.

Euskaltzaindiak goitik behera barriztu dauen 'Euskara ibiltaria' izenburudun erakusketa Bermeora heldu barri da. Erakusketa interaktiboa Arrantzale Museoan egokitu da eta irairalen 17ra arte bisitatu ahal izango da, doan. Laboral Kutxak babesten dauen Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren (#EHHA) materialakaz egin da erakusketea, euskaldun eta erdaldunei zuzendua dagoana.

Lan horretan oinarritutako bildumaren helburu nagusia da euskaldunen hizkuntza alor desbardinetan -lexikoa, izen-morfologia, aditz-morfologia eta sintaxia- lurralde osoan hartzen dauzen formak eta aldaketak erakustea, «baina modu berezi batean», argitu dabe Euskararen Akademiatik. Hain zuzen be, erakusketaren barri izateko, bisitariek «ikusi, entzun eta usaindu» egin beharko dabe bere mamia.

Erakusketa honetan «euskara entzun egin daiteke, irakurri daiteke, ikutu daiteke eta usaindu egin daiteke», baieztatu eban, baita be, Xarles Videgain Herri Hizkeren Atlasaren arduradunak. Zentzu horretan, panelez gainera, hainbat barrikuntza txertatu dira erakusketan, teknologia barrien bitartez. Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren mapa eta berbakaz jolastu ahal da eta horretarako hiru joku dagoz, «gehi laugarren bat, QR kodeen bitartez erabiltzeko», zehaztu dabe.

Hizkeraren aldaerak

Erakusketan, bisitarientzako erronkak be badagoz, «eta gainditzen dabenezen artean, sariak zozketatuko dira», aurreratu dabe, bestalde. Euskararen Herri Hizkeren Atlasak ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea dauka helburu. Egitasmoa 1984an ipini zan abian eta datuak batzeko Euskal Herri osoko 145 herri aukeratu ziran; horretatik 36 Bizkaian eta horreen artean Bermeo.

Burutu ziran galdeketen azken emaitzaz osotu zan X. liburukia aurten aurkeztu zan, II. Nazioarteko Dialektologia biltzarraren barruan. Azken liburukiak 239 mapa erakusten dauz, ondorengo gaiak jorratu dirala: «jokoak, kirolak, bertuteak eta bizioak, gorputzeko gabeziak, larruazaleko gaitzak, gaixotasunak, heriotza, ezkontza, gizarte-bizitza, ahaidegoa, erlijioa, sinesteak, lana eta beharginak», zenbatu dabez. Euskara Ibiltaria 2015. urtean sortu zan, «baina Arrantzaleen Museoan aurkeztu danak eraberritu eta interaktiboa da bisitariaren parte-hartze zuzena sustatzen dauena».

Temas

Bermeo