Busturialdeko bertsolariek galdu egin dabe Bizkaiko BBK sariketan jarraitzeko aukera

Atzo, Mungian jokatu zan lehen kanporaketaren momentu bat. /  BBK.
Atzo, Mungian jokatu zan lehen kanporaketaren momentu bat. / BBK.

Bertsolaritza txapelketaren lehenengo kanporaketan, Uribe Butroe taldeak baino puntu gitxiago batu ebezan bertoko gazteek

IRATXE ASTUI BERMEO.

Bizkaiko bertsolari gazteen XVII. BBK Sariketa hastea baino ez dau egin eta Busturialdeko taldeak txapelketaren ibilbidean jarraitzeko aukera galdu dau, dagoeneko. Atzo, Mungian jokatu zan lehenengo kanporaketan, izan be, Uribe Butroe taldeak irabazi eban eskualdeko seikotearen kontra.

Kategoria bitan banatu ebezan bertsolariak; gazteak eta nagusiak, hain zuzen be. Edade bakotxeko ariketak egin eta gero, etxekoei 378,5 puntu emon eutsiezen epaileek eta Busturialdekoei, barriz, 351,5. Uribe Butroek, beraz, hilaren 27an Deustun jokatuko dan saioan izango dira.

Mungiako saioan izan diran Busturialdearen ordezkariak izan dira Olaia Cancelo, Ismael Aomar eta Jokin Ansotegi -18 urtera arte-. Nagusien artean, bestalde, Iker Uriarte, Koldo Gezuraga eta Asier Galarza igo ziran oholtza gainera.

Uribe Butroeko seikotean, Izaro Bilbao, Oier Rementeria, Amets Zulueta -18 urtera artekoetan- eta Aratz Errementeria, Txomin Aiartza eta Lurdes Ondaro -18 urtetik gorakoetan- agertu ziran.

Taldeka

Bigarren kanporaketa gaur bertan burutuko da eta bertan Enkarterri-Ezkerraldea eta Uribe Kosta lehiatuko dira Hitzordua Zallako Zinema Antzokian izango da, goiz partean. Saio horretako irabazleak Uribe Butroe eukiko dau zain finalaurrekoetan. Aurtengo Bizkaiko bertsolari gazteen BBK sariketan 48 partehartzaile izango dira.

Txapelketaren programa lau kanporaketa eta bi finalaurrekoz osostuta egongo da. «Finala Bilbon egingo da apirilaren 3an», zehaztu dabe sariketaren antolatzaileek. Aurreko urteetan egin zan legez, aurten be taldekako formatoan jokatuko da txapelketa; zortzi talde parte hartuko dabe, eta talde bakotxa seina bertsolariz osotuta egongo da. Lea Artibaiko taldearen ordua hilaren 21ean helduko da. Bertokoek Markinan jokatu beharko dabe euren saioa, Durangaldearen kontra.